2012a izango da duela bost urte krisia hasi zenetik urterik gogorrena, Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak gaur iragarri duenez. "Oso-oso urte gogorra izango da, urte beltza". Izan ere, herrialdea atzeraldian sartuko dela aurreikusi du: barne produktu gordinak %0,5 egingo du atzera. "Alarma guztiak piztu dira".
Beraz, lanpostu galera izango dela deritzo Adegik. Uste du 1.500 lanpostu sortuko direla Gipuzkoan, baina 2.800 galduko direla ere bai; ondorioz, 1.300ekoa izango da galera. Lanpostu gehien eraikuntza eta industria arloetan galduko da, haren iritziz.
Adegiren datu gehiago: 2011n Gipuzkoako enpresen erdiek ez zuten diru irabazirik izan; 2012an kopuru hori handitu egingo da, eta aurten enpresen %5 itxiko dituzte.
Administrazio guztiei eskatu die ekonomia, finantzaketa eta enplegua sustatzeko neurriak hartzeko. "Denbora askorako jokoan dugu Gipuzkoaren etorkizuna", adierazi du Adegik.
Urtean hiru hilean behin enpresetan inkesta egiten du, eta gaur abendukoaren berri eman du Donostian, bere egoitzan. Han izan da, besteak beste, Eduardo Zubiaurre Adegiko presidentea.
Araban, berriz, bertako Industriako Merkataritza Ganberak gaur esan du herrialdeko enpresen laurdenek aurten lantaldea murriztu egingo dutela. 271 lantokitan egindako galdeketaren ostean atera du ondorio hori ganberak.