Bitartekaririk ez du nahi Adegik. Lan gatazka giroa nagusitu dela eta horrek lehiakortasunari kalte egiten diola esan ostean, bestelako eredurik ez dela posible diotenei "aukeren bandera astintzeko borondatea" agertu die Pello Gibelalde Adegiko presidenteak. Lan harreman eredu berriaren gida aurkeztu du gaur, eta sektore mailako eta enpresa mailako negoziazioa baztertu barik, langileekin zuzeneko harremana sortzea proposatu du. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela gainertu du: "Lan harremanetan ere balio handiagoa du egiten den gramo batek esaten den kilo batek baino".
"Lan harreman eredu berria ez da negoziazio kolektiboaren aurkakoa, ez sindikatuen aurkakoa", nabarmendu du Jose Miguel Aiertza Adegiko idazkari nagusiak. Baina Miramongo Auditorioaren atarian Adegiren proposamenaren aurkako protesta egin du LABek, eta langileen eskubideen kontrako estrategia dela salatu du. "Ez dugu ulertzen Eusko Jaurlaritzak nola babestu dezakeen patronala langileen eskubideen aurka", adierazi dute sindikatuen ordezkariek. Izan ere, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua ere Adegiren ekitaldian izan da, patronalak proposatutako lan harreman eredu berria babestuz.
Danimarkan eta Alemanian errotutako eredu "modernoa" dela azaldu du patronalak, baina LABen ustez, frankismoan erabiltzen zen eredua da: "Sindikatuen esku hartzerik barik enpresariak langilea berak ezarritako baldintzak sinatzera behartuko du".
Honakoak dira Adegiren proposamenaren puntu nagusiak: enpersarien eta langileen arteko harreman zuzena eratzea —honek sindikatuen pisua txikituko luke—, barne komunikazioa indartzea gardentasunean oinarrituta, enpresak malguagoak izatea eta enpresariek "malgutasun hori ezartzeko legeak eskura jartzen dizkion tresnak ezagutzea" —lan erreformaren erabilera alegia—, lehiakortasuna handitzeko soldatak produktibitateari lotzea —soldatak izoztuz edo jaitsiz— eta lan baldintzak indibidualki adostea, "horrek akordio kolektiboak ahalbidetu baditzake ere". Txostenak gogorarazten du, gainera, tun kolektiboetan bildutako lan baldintzak ez direla langileek bereganatutako eskubideak. Adegiren arabera, Gipuzkoakoak "Espainiako estatuko lanaldi laburrenak eta soldata handienak izan dira historikoki".