Krisiaren tunel ilunean argi izpi bat ageri da, baina Adegik oraindik ez daki irteera den edo tren bat datorren aurrez aurre. Ekonomia suspertzen ari dela dioten etengabeko mezuak entzun arren, Adegi ezkorra eta zuhurra da: «Gipuzkoako ekonomiaren hazkundea motela, ahula eta hauskorra izango da 2010ean». Hazkundea izanda ere, iazko emaitza kaskarrekiko izango da. «Jaitsiera geratu da, baina oso behean gaude», ohartarazi zuen atzo Eduardo Zubiaurrek, Adegiko presidenteak.
Gipuzkoako Enpresaburuen Elkartea hamar langiletik gorako enpresek abenduan emandako datuetan eta iritzietan oinarritzen da etorkizuna beltz ikusteko.
1. Produkzio ahalmena
Suspertzearen ahulezia ondoen erakusten duten adierazleetako bat enpresen produkzio ahalmena da, hau da, enpresak beren produkzio gaitasuna zenbateraino erabiltzen ari diren. Abenduko datuen arabera, portzentajea %72koa da, inoizko maila apalena baino bost puntu gehiago baino ez (%67 iazko apirilean eta irailean). Kopuru hori Alemaniakoaren eta eurogunekoaren parekoa da.
2. Eskaeren zerrenda
Gipuzkoako enpresek ez dute lan eskaera askorik espero datozen hilabeteetarako: bost enpresatik lauk (%81) eskaera zerrenda ahula edo oso ahula dute. Irailetik portzentajea oso gutxi aldatu da, eta aintzat hartu behar da irailean inoiz baino enpresari gehiagok zutela eskaera zerrenda ahula edo oso ahula (%87). Adegik 1993ko krisiarekin parekatu du gaur egungo egoera.
3. Salmentak
Salmentak %26 jaitsi dira bi urtean: %6 2008an eta %20 iaz. Jaitsieraren zati handiena iazko lehen hiruhilekoan gertatu zen: %17,9. Jaitsiera apalduz joan zen, eta %0,8koa zen azken hiruhilekoan. Jaitsieraren zati handiena enpresa txiki eta ertainetan gertatu da, 200 langile baino gutxiago dituztenetan. Euskal Herrian eta Espainian egindako salmentek jaisten jarraitzen dute; gainerako esportazioak, aldiz, egonkortu dira.
4. Emaitzak
Lau enpresatik hiruk 2008ko emaitzak baino kaskarragoak izan zituzten iaz. Hiru enpresatik bik urtea parean edo galerekin amaitu dute. Eta gehienek antzekoak espero dituzte aurten, eskaeren zerrenda oso ahula baita.
5. Merkatuak
Gipuzkoako hiru enpresatik bik baino gehiagok (%68) diote beren merkatuak atzeraldian daudela, lautik batek merkatuen egoera normala dela (%26) eta %6k baino ez merkatua suspertu dela. Aintzat hartu behar da Gipuzkoako industria produkzioaren herena Espainian saltzen dela.
6. Langabezia
Lau enpresatik batek «langile gehiegi» ditu. Alegia, langile gutxiagorekin egin dezake daukan lana. Adegik uste du enpresek «gehienez» langileen %1 kaleratuko dutela aurten. Adegik, dena den, ez du baztertzen handiagoa izatea, eskaera zerrendek hain apal jarraituz gero.
7. Inbertsioak
Iaz enpresen erdiek egin zituzten 2008an baino inbertsio handiagoak. Aurreko urteetan portzentaje hori %70ekoa zen.
8. Egoera berria
Krisiaren aurreko eta osteko egoerak ezberdinak izango dira. «Lehiakide gehiago, hobeak eta kasu askotan merkeago ekoizten dutenak izango ditugu», ohartarazi zuen Zubiaurrek. Horregatik, haiekin lehiatu ahal izateko ezinbesteko hiru baldintza nabarmendu zituen: kostuak murriztea (lehengaiak, zergak, soldatak...); enpresak malguagoak izatea, «antolaketa gero eta aldakorragoak diren premietara egokitzeko», eta produktibitatea hobetzea, berritzaileagoak izatea eta nazioartera gehiago jotzea.
Zubiaurrek ausartak izateko eskatu zien enpresariei egoera berriari aurre egiteko: «Ausardia behar dugu geldirik uzten gaituzten buruko eskemak hausteko, gure erosotasun eremuak bazterrean uzteko». Besteak beste, beren proiektuak «birkokatuz» eta merkatu berrietara irekiz.
Adegik urte beltza espero du
Gipuzkoako bost enpresatik lauk lan gutxi edo oso gutxi dute, gehienen merkatuak atzeraldian daude eta salmentak jaitsi dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu