Hautsak harrotuta daude Adegin azkenaldiotan. Aurreko astean lan harremanetarako eredu berria —"hirugarren bidea"— aurkezteak ekarri duen kritika eta hitz gogorren andana eta gero, etxe barruan beste pitzadura bat atera zaio Gipuzkoako patronalari. Juan Ramon Apezetxea negoziazio kolektiboko arduradunak Adegiren aurkako auzi bidea jartzeko urratsa egin du, bere lan baldintzak nabarmen aldatu direlakoan. Adegiren egituran duen tokia, soldata eta zuzendaritza organoetan duen posizioa aldatu direla dio Apezetxeak.
Efe agentziak dio Adegik berak berretsi egin duela albistea. "Barne berregituraketari dagokio" egoera berria agentziak dioenez, lan harremanen atalean gertatu dira aldaketa horiek. Adegik azaldu duenez, Lan Harremanen arloa zabaldu egin da, eta Nerea Zamakolak hartu du haren ardura, orain arte Apetzetxearen aginduetara zegoen pertsona. Aholkularitza juridikoa, pertsonen kudeaketa, prebentzioa eta lan harremanak sartzen dira egitura berrian. Aldi berean, negoziazio kolektiboaren atala kentzea erabaki du Gipuzkoako patronalak, Juan Ramon Apezetxeak zeraman atal bereizia.
Adegik azaldu du, Apezetxearen goi ardura desagertu egin dela, eta beraz, zuzendaritzan egoteari ere utzi egin diola, eta horrek eragiten zuen lansari berezia ere galdu duela.
Bere eredua etxera ekarrita
Gipuzkoako patronalak langileekin lan harreman zuzenak eduki eta negoziatzeko proposamena egin berri du, sindikatuen zeregina baztertuz. Hirugarren bidea esan dioten eredu horretan, negoziazio kolektiboa ez litzateke jada lehenetsiko, eta Gipuzkoako enpresetan martxan jarri nahiko lukeen ereduarekin bat, bere barne antolaketan ere aldaketak egin ditu Adegik. Negoziazio kolektiboa ez da jadanik lehentasuna patronalarentzat, Juan Ramon Apezetxearen kargugabetzeak erakusten duen moduan.
Apezetxea izan da azken urteotan sindikatuekin negoziaziotan aritu den Adegiko kide aktiboena itun kolektiboei dagokionez. Uztailaren 7aren aurretik, PPren lan erreformak eraginda ehunka milaka langile itunik gabe geratu aurretik, Apetzetxea izan zen Adegiko burua sindikatuekin egondako negoziazio antzuetan.