Izarraitz pilotalekuan elkartu dira ELA sindikatuko ordezkariak gaur goizean, eta bertan hartu du hitza Adolfo Muñoz Txiki sindikatuko idazkari nagusiak. Ondoren, manifestazioa egin dute Azpeitian bi mila lagun inguruk.
Muñozek nabarmendu du Adegi “estatuko patronalik erreakzionarioena” dela, eta Arantza Tapia Eusko jaurlaritzako Industria sailburuak Adegiren proposamenari emandako babesa salatu du.
"Enpresariaren eta langilearen arteko harremanaz hitz egiten dute bi aldeen indarrak berdinak balira bezala; baina indarrak ez daude inondik ere parekatuta. Adegik badaki borroka kolektiboak ekarri zituela emaitza sindikal eta sozialak, baita eskubide zibilak eta askatasun politikoak ere. Horregatik hartu nahi gaituzte banan-banan; babes kolektiboa oztopoa delako”, adierazi du Muñozek.
Bestalde, nabarmendu du ELAk ez duela soldaten jaitsiera babestuko, eta gaineratu soldata "ordainsaria baino zerbait gehiago" dela: “Izan ere, pentsioak ere hortik datoz, kotizazio bidez. Soldatak ere zerga bidez biltzen diren baliabideak dira, eta, bidenabar, osasun publikoa, hezkuntza eta gizarte laguntzak”.