Enplegu Publikoko legegaiaren lehen zirriborroan polemikarik handiena eragin zuen puntua erretiratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak: ez die aukerarik emango administrazioei langile publikoei soldata eta lanaldia jaisteko krisi garaietan eta aurrekontu publikoen murrizketak daudenean.
Irailean aurkeztu zuen lehen proposamena Jaurlaritzak, eta 1.200 alegazio baino gehiago jaso ostean, gaur aurkeztu du Enplegu Publikoaren Legearen zirriborro berria. Josu Erkoreka bozeramailearen esanetan, puntu hori kendu izanak erakusten du negoziatzeko borondate irmoa duela Jaurlaritzak, eta nabarmendu du aukera emango duela legea eragile sozialen partetik ere behar den adostasunarekin jaiotzeko.
Behin-behineko langileak kontsolidatzeko enplegu eskaintza publikoak egiteko aukera da zirriborroan ageri den beste berrikuntza. Erkorekak ez du zehaztu eskaintza horiek behin-behineko langile horiei bakarrik egongo diren zuzenduta edo deialdi irekiak izango diren. Halaber, Jaurlaritzaren asmoa da Euskal Enplegu Publikoaren behategi bat sortzea, enplegu publikoari lotutako jarduerak eta politikak aztertzeko. Sindikatuen eskaerei jarraituz, administrazio orokorreko langileek euren baldintzak hobetzeko aukera izango dute, besteak beste, B motako lanpostuak ugarituko baitira.
Funtzio orokorreko mahaian izan dira ELA, CCOO eta UGTko ordezkariak, ez, ordea, LABekoak, negoziazio prozesua "antzespen hutsa" dela uste baitu sindikatuak: "Jaurlaritzak lege honen bidez zerbitzu publikoen eredu gerentzial eta merkantilista ezarri nahi ditu, eta lan harremanak indibidualizatu nahi ditu negoziazio kolektiboa ukatuta".
Azaroan egindako bileraren ostean ELAk ere mahaitik altxatzea erabaki zuen, besteak beste 35 orduko lanastera itzultzea negoziatzeko borondaterik ez ziolako ikusten Urkulluren gobernuari. Alabaina, gaur bileran izan dira sindikatuko ordezkariak, Jaurlaritzak zer planteatzen zuen ikusi nahi zutelako.
120.000 langileri eragiten die legeak. Testuak ez ditu ezartzen langile publikoen lan baldintza zehatzak —hori negoziazio kolektiboaren bidez egin beharrekoa da—, baina finkatzen ditu, bai, enplegu publikoaren zeregin, eskubide, betebehar eta ezaugarriak. Euskal Autonomia Erkidegoan ari diren administrazio maila ezberdinei dagokie: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, eta udalerriak, enpresa eta fundazio publiko guztiak aintzat hartuta. Langile mota guztiak ere aintzat hartzen ditu: funtzionarioak, lan legepekoak eta aldi baterakoak.