Administrazio publikoetan lanean ari diren azpikontratetan lan eta gizarte eskukideak bermatzeko asmoz herri ekimen legegile bat abiatzea erabaki du ELA sindikatuak. Gaur azaldu du nondik norakoak. Behin ekimena Eusko Legebiltzarrean aurkeztuta, 30.000 sinadura bildu beharko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bozkatzeko eskubidea duten hautesleen artean. Lan baldintzen prekarizazioa gelditzeko bidea dela defendatu du ELAk. "Administrazio publikoetako baldintza orrietan ez da gutxieneko bermerik jasotzen, eta horrek zapalkuntza areagotzen du hainbat sektoretan", azaldu du sindikatuak, ohar baten bidez. Azpikontrata pribatuak ez lituzke eragingo herri ekimen legegileak, Eusko Legebiltzarrak ez duelako horiek arautzeko eskumenik.
Eskaera nagusiak hiru izango dira. Lehenik eta behin, langile azpikontratatuei lanaren iraupena ziurtatzea esleipena beste enpresa bati emanez gero, "enplegurik ez suntsitzeko". Bigarrenik, gutxieneko lan baldintza batzuk legez ezartzea. Hain zuzen ere, sektore hitzarmenean finkatuta daudenak, edo, ez balego, indarrean egon den azken itunaren parekoak. Azkenik, lege horrek isunak eta zigorrak arautuko lituzke aurreko baldintzak betetzen ez dituzten enpresentzat.
Sinadurak bildu eta lege egitasmoa tramiterako onartzen bada, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoek izango dute azken hitza. ELAren ustez, "aparteko aukera" eskainiko die horrek alderdiei egungo egoera eraldatzeko, "alderdi horiek eurek utzi zituztelako zerbitzu horiek esku pribatuetan".