“Ekintza kriminala eskala masiboan gertatu da”, esan du Andrew McCabe FBIko zuzendariaren ondokoak. Munduko sei banku nagusiei 5.045 milioi euroko isuna ezarri die AEBetako Justiziak, nazioarteko dibisen merkatuak euren mesedetan manipulatzen aritzeagatik. Barclays, Citigroup, JP Morgan Chase, Royal Bank of Scotland (RBS), Bank of America eta UBS dira banku zigortuak. AEBen kalkuluen arabera, iruzurraren bidez 9.000 milioi euro inguru irabazi zituzten banku zigortuek.
Loretta Lynch AEBetako fiskal nagusiak azaldu du sei bankuen taldeak 'Kartela' izena jarria ziola euren arteko ezkutuko aliantzari, eta kartel horrek 2007tik 2013ra zelan funtzionatu zuen ere azaldu du: “Bost urtez egunero biltzen ziren txat pribatu batean euroaren eta dolarraren arteko truke tipoa manipulatzeko. Euren konplota egiteko kodetutako mezuak erabiltzen zituzten”.
Banku horiek, “lehiakide bezala aritu beharrean, lagun moduan aritu dira”, Lynchen esanetan, eta “zenbatu ezina da” euren jardunak mundu guztiko zenbat inbertitzaile, erakunde eta banku kaltetu dituen.
Bankuek AEBetako Justiziarekin akordioa lortu ostean dator isuna. Bankuek onartu dute dibisen trukea manipulatu zutela. Zigor karguak ezarri dizkete bosti, ez ordea UBSri. AEBetako Justizia Departamenduak bere ituna bete ez izana leporatu dio UBSri. Izan ere, UBSk 490 milioi euro pagatzea adostu du Washingtonekin, iruzurrezko ekintzarik ez egiteko sinatua zuen akordioa hautsi izanagatik.
Isun handiena Barclaysek ordaindu beharko du, 2.164 milioi euro; Citigroupek 1.142 milio; JP Morganek 804 milioi; RBSk 603 milioi eta Bank of Americak 184 milioi euro.
Ez da mundu mailako banku handiak manipulazioagatik eta iruzurragatik zigortzen dituzten lehen aldia. 2013Ko abenduan, adibidez, Europako Batzordeak 1.700 milioiren isuna ezarri zien bost bankuri, Euriborra eta beste indize batzuk manipulatzeagatik.