Ez die eragingo potentzia bien arteko merkataritzaren produktu askori, baina Japoniak eta AEBek itun komertziala egin dute, eta albiste onak dira Shinzo Abe Japoniako lehen ministroarentzat, mehatxupean baitzegoen hango autoen AEBetako salmenta; azkenik, Miarritzeko G7aren bilkuran adostu zuten bezala, Tokiok eta Washingtonek merkataritza ituna egin dute, eta, hari esker, muga zergei izkin egin die Japoniak.
Impeachment prozesu batean sartu berri duten presidenteak paparra atera du hamaikagarren aldiz bere sare sozial gustukoenean, Twitterren. "7.000 milioi dolar urtero AEBetako produktuetan Japonian", esan du, Tokiok konpromisoa hartu baitu nekazaritza alorreko produktu sorta bati %90eko muga zergak kentzeko. Behikien, txerrikien eta gazten inportazioek zerga apalagoak pagatuko dituzte Japonian. Gainera, almendrak, intxaurrak, ahabiak, andere mahatsak, artoa eta brokolia inportatzeak ez du muga zergarik izango, itunak jaso baitu haiek guztiak kentzea. Horrela azaldu du AEBetako Kanpo Merkataritzako bulegoak.
Autoen itzala
Trukean, AEBek hainbat nekazaritza produkturen muga zergak apalduko dituzte, 40 milioi eurorenak guztira; 2018an, balio hori izan zuen produktu jakin horien AEBetarako inportazioak. Zerrendan daude landare eta lore batzuk, te berdea, txiklea eta soja saltsa.
"Honek eragin positibo zoragarria izango du munduko ekonomian", esan du Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak. Trumpek ohartarazi du merkataritza ituna gehiago zabaldu nahi duela, "eta ez etorkizun urrun batean". Akordioak ez ditu jaso autoen inportazioak, baina Abek esan du Trumpen bermea daukala, eta AEBek ez dizkietela muga zergak jarriko auto japoniarrei. Datorren urtean autoak aintzat hartuko lituzkeen akordio bati buruz hitz egiten hasteko konpromisoa hartu dute gobernu biek.