Merkataritza

AEBek eta Kanadak azken unean iritsi dute akordioa

NAFTA ez beste izen bat hartuko du AEBen, Mexikoren eta Kanadaren arteko akordioak. Kanadak sarbidea erraztuko die AEBetako esnekiei, baina lortu du merkataritza gatazkak konpontzeko egungo sistemari eustea.

Donald Trump eta Justin Trudeau, artxiboko irudian. NEIL HALL / EFE
Irune Lasa.
2018ko urriaren 1a
12:15
Entzun

Donald Trumpek bere lehen helburua lortu du. NAFTA (Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna) jada ez da NAFTA deituko. Estatubatuarrentzat oihartzun negatiboak omen zituen izen horrek, Trumpen eta haren aholkularien ustez, eta, horregatik, atzoko eguna amaitzear zela lortutako akordio berriak izen berria izango du: AEB-Mexiko-Kanada akordioa (Usmca).

Urtebete iraun dute NAFTA zena atzera moldatzeko negoziazioek, eta tarte horretan hainbat aldiz egon da kolokan balizko akordioa. Estatubatuarrek eta mexikarrek lortua zuten ituna, baina azken momentura arte ez zegoen ziur adostasunik izango zen Kanadak harekin bat egiteko. Trumpek Kanada itunean nahi zuen ere ez zegoen batere argi, AEBetako presidenteak gaiari buruzko iritzi kontraesanezkoak eman baititu azken hilabeteetan.

Mexikok, ordea, argi zeukan Kanadak itunean egon behar zuela, eta hiruko akordioa lortzea premiazkoa zela. Izan ere, Enrique Peña Nieto jarduneko presidenteak itxi du akordioa, baina abenduan beste presidente batek, ezkerreko Andres Manuel Lopez Obradorrek hartuko du herrialdeko lehendakaritza, eta, harekin, parlamentua ere aldatu egingo da. Mexiko eta AEBen arteko itunak Lopez Obradorren oniritzia dauka, baina hura lehendakari bihurtu baino lehen, NAFTA, Usmca edo dena delakoa egungo parlamentuak bozkatu behar zuela nahiko argi zeukaten alde guztiek, boto alderraien arriskua saihesteko. Igandea zen azken eguna akordioak garaiz egin zezan Mexikoko Parlamenturako  bidea.

Presazko negoziazioetarako oinarria AEB-Mexiko akordioa izan dute AEBek eta Kanadak. Ondorioz, Mexikoko auto ekoizpenaren zati bat AEBetara erakartzeko neurriak —gutxieneko soldataren baldintzak tartean— jasotzen dira Usmcan. Ildo horretan, Kanadak lortu du autogintzari muga zergak ezartzeko mehatxurik gehiago ez izateko nolabaiteko konpromisoa —Trumpen hizpide gogokoenetariko bat azkenaldian—, baina Justin Trudeauren negoziatzaileek ez dute lortu AEBek altzairu eta aluminioari ezarritako muga zergak kenduko diren ziurtasunik.

AEBetako negoziatzaileek, berriz, Kanadako esnekien merkaturako sarbide handiagoa lortu dutela azpimarratu dute. Hala ere, amore eman dute Kanadarentzat marra gorria zen gai batean. Merkataritza liskarrak —dumping salaketak, kasurako—konpontzeko egungo sistemari eutsiko zaio.

Akordioarekin, nonbait, Trumpen gobernuak agintaldi hasieran piztu dituen merkataritza gatazka batzuk leuntzen jarraitzen du, Txinarekin nahikoa gerra baitu. Joan den astean AEBak berriz hasi ziren Japoniarekin negoziatzen, eta, aurretik, uztail bukaeran, berdin egin zuten Europako Batasunarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.