AEBen etorkizuna, Tea Partyko kideen esku

Ordainketak eteteko hiru egun falta direla, zorpetze muga igotzeko akordiorik gabe jarraitzen dute

2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Hiru egun dituzte AEBek. Datorren astearterako zorpetzearen sabaia 14,29 bilioi dolarretik igotzeko akordiorik egin ezean, hartzekodunekin dituen konpromisoei erantzun ezinik geldituko da herrialdea. Sosik gabe, zorrez leporaino eta default egoeran, kiebran. Horrek, ondorio ikaragarriak izango lituzke munduko lehen ekonomian, eta, ziurrenik, baita munduko ekonomian ere. Egoera, beraz, larria da, oso larria. Baina Tea Party prest dago egoera muturreraino eramateko, John Boehner lider errepublikanoak aurkeztutako proposamenari babesa ukatuta.

Ostegunak egun erabakigarria behar zuen izan, asteetako negoziazioen ostean Boehnerren proposamena bozkatzekoak baitziren Kongresuan. Datozen hamar urteetan gastu publikoan 917.000 milioi dolarreko murrizketa egitearen truke, aurten Gobernuari 917.000 milioi dolar gehiago ematea; hori da proposamenaren funtsa. Diru hori bukatzean —urtarrilean, gutxi gorabehera—, Kongresuak bozketa bidez erabaki beharko luke Administrazioari zorpetzeko gaitasun handiagoa ematen dion ala ez, baina aurretik defizit publikoa 1,8 bilioi dolar murrizteko neurriak hitzartu beharko lituzkete. Egia da Kongresuak Boehnerren proposamena onartuta bakarrik ez lirateke AEBak porrotetik libratuko. Baina, irtenbidea hitzartzeko bidean lehen urratsa egitea litzateke.

Bozketa egiteko minutu batzuen faltan, ordea, bozketarik ez zela egongo jakinarazi zuen Kevin McCarthy talde errepublikanoko diziplina arduradunak. Zergatik? Proposamenak aurrera egiteko nahikoa babes lortu ez zutelako. Gainera, ez zuen bozketarako beste egunik iragarri. Etxe Zuriak atsekabez hartu zuen berria. «Alferrik galdutako beste egun bat eta ordularia aurrerantz», adierazi zuen Dan Pfeiffer bozeramaileak.

Sinestezina. Kongresuan gehiengoa dute errepublikanoek, hau da, Boehnerren taldekoek. Eta, hala eta guztiz ere, ez ziren gai izan aldeko nahikoa boto eskuratzeko, kiderik kontserbadoreenek, Tea Party mugimenduko kideek, ez zietelako aldeko botorik ziurtatu.

Errepublikanoek asko jokatzen dute Boehnerren proposamenarekin. Abuztuaren 2a baino lehen onartzen ez badute, erabat zatituta geldituko da alderdia, eta Boehnerren lidergoa auzitan geratuko litzateke. John McCain senatari errepublikanoaren hitzetan, «Obamari hurrengo hauteskundeetan garaipena oparitzea litzateke». Baina, proposamenak aurrera egingo balu, oso bestelako egoera sortuko litzateke. Zorraren krisia konpontzeko aginte makila hartuko lukete errepublikanoek, Boehnerrek posizioa nabarmen indartuko litzateke eta demokratak izugarri ahulduta geratuko lirateke.

Ostegunean, bozketa baino ordu batzuk lehenago, artean nahikoa babes ez zuela lortu baina lortuko zuela esan zien ingurukoei. Horretarako, 216 aldeko boto behar ditu, eta giltza Tea Partyko 40 bat kidek dute. Hogei inguruk garbi esana dute ez dutela Obaramari gehiago zorpetzea ahalbidetuko liokeen ezer babestuko; gainontzekoek zer egingo duten, hori da galdera. Eta Boehnerrek berak ere erantzuna zein zen ez zekienez, bozketa bertan behera uztea erabaki zuen.

Gaur, bihar edo etzi Kongresuak oniritzia emango balio, Senatura pasatuko litzateke proposamena. Han, ordea, demokratek dute gehiengoa, eta esana dute ez luketela babestuko. Ikusteko dago, ordea, benetan zeregingo luketen. Izan ere, Kongresuak onartutako proposamen bat atzera bota, eta horregatik herrialdeak ordainketak eten beharko balitu, iritzi publikoaren aurrean ezin okerrago geratuko lirateke Obama eta haren alderdikideak.

Estatubatuarrak, sutan

Irtenbide bat hitzartzeak ezinezkoa dirudi, baina eskuak gurutzatuta gelditzea sekulako akatsa litzateke. Demokratengandik ateratako ezer ez dute onartuko Tea Partyko kideek, eta errepublikarrengatik aterakorik ere ere ez agian.

Barack Obama presidentea, berriz, batzuen eta besteen arteko liskarraren ikusle huts izan da orain arte, bai baitaki negoziazioetan muturra sartzeak are gehiago zailduko lukeela akordioa. Baina, abuztuaren 2a gainean dela ikusita, telebistaz bi agerraldi egitera ausartu da aste honetan. Astelehenekoan, kongresuko eta senatuko kideei presio egiteko eskatu zien herritarrei; atzokoan, berriz, «alderdi biko» akordioa egiteko eskatu zien kongresuko kideei, lehenbailehen egiteko, gainera. «Nahaste-borraste honetatik ateratzeko modu asko daude, baina apenas gelditzen zaigun denborarik. Beraz, konpromisoak hartzeko garaia da», esan zien. «Aurreikus ezin daitezkeen krisi asko daude, baina krisi honen irtenbidea gure eskuetan dugu».

Estatubatuarrak, berriz, sutan dira beren politikariak ematen ari diren itxura dela eta. Horregatik, azken egunotan protesta jendetsuak egin dituzte kalean nahiz sarean, behingoz akordio bat egin dezatela eskatzeko. Herrialdea munduaren aurrean sinesgarritasuna galtzen ari dela uste dute, eta, neurri batean, egia da. Inbertsiogileak ere auzia oso gertutik jarraitzen ari dira, azkenean, ordainketak eteten badituzte, haiek izango direlako dirurik jaso gabe geratuko liratekeenak, eta kalifikazio agentziak ere oso adi daude, AEBen kaudimen gaitasunari kalifikazioa jaitsi ala ez aztertzen ari direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.