AEBetako BPGa %6,3 jaitsi zen 2008ko azken hiruhilekoan

1982. urtetik ez zen hainbeste jaitsi; kontsumoaren beherakadak eragin du nagusiki motelaldia

Erredakzioa
2009ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Analistek uste zuten baino zertxobait gutxiago eta Gobernuak aurreikusi baino pixka bat gehiago. AEBetako BPG barne produktu gordina %6,3 jaitsi da 2008ko azken hiruhilekoan. 1982tik izandako atzeraldirik handiena da hori. Hirugarren hiruhilekoan %0,5 murriztu zen.

Barne kontsumoak mugatzen du AEBetako BPGaren %70. Epe horretan, %4,3 jaitsi zen herritarrek egindako gastua. Aurreko hiruhilekoan ere beherakada handia izan zuen. Hala, 1957tik estreinakoz jaitsi da bi hiruhilekotan jarraian %3 baino gehiago. Esportazioen beherakadak ere izan du zerikusirik BPGaren jaitsieran.

Beste hainbat datu txar ere eman dituzte AEBek azken hilabeteetan. Aurten bertan 1,2 milioi enplegu galdu dira. Enpresen irabaziak, berriz, 2007an baino 250.300 milioi dolar txikiagoak izan ziren iaz.

Kontrol handiagoa

Timothy Geithner Altxorreko idazkariaren esanetan, krisia erregulazio faltak eragin du, eta Gobernuak finantza erakundeak gehiago kontrolatu behar lituzkeela uste du. Horren harira, Kongresuari plan bat aurkeztu zion atzo. Berrikuntza gisa, Gobernuak arrisku handiko inbertsio funtsak -besteak beste, hedgefunds izenez ezagutzen direnak- kontrolatzeko aukera zabaldu zuen.

Geithnerren iritziz, erakunde bakar batek arduratu behar du guztia kontrolatzeaz. «Ezin dugu onartu erakundeek nahierara hainbat erregulatzaile aukeratzea, eta gero kontrol estandar baxuenak dituenera aldatzea». Ez du zehaztu nor izango den erregulatzaile hori, baina baliteke Erreserba Federalaren ardurapean geratzea zeregina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.