AEBetako ekonomia %6,2 jaitsi da 2008aren amaieran

Herrialdeko barne produktu gordinak 25 urtean izan duen jaitsierarik handiena izan da

Erredakzioa
Donostia
2009ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Duela urte askoko datuak begiratu behar dira Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) ekonomiaren gaur egungo beheraldiaren parekoa topatzeko. Iazko hirugarren hiruhilekotik laugarrenera, esaterako, barne produktu gordina (BPG) %6,2 jaitsi zen. 1982tik izan duen jaitsiera handiena. 1930eko hamarkadako Depresio Handitik hiru urtean bakarrik izan da jaitsiera handiagoa hiruhileko batean: 1957an, 1980an eta 1982an.

Datu txarrak iragarpenak gainditu ditu: AEBetako Merkataritza Departamentuak urtarrilaren amaieran esan zuen jaitsiera %3,8koa izango zela; analistek, berriz, %5,4koa espero zuten. Eta %6,2ko datua ez da behin betikoa. Martxoan berraztertuko dute.

Urte osoko datua aintzat hartuz gero, AEBetako ekonomia %1,1 hazi zen iaz. Gobernuak %1,2ko jaitsiera aurreikusi du 2009rako.

Kontsumoaren jaitsierak ekonomiako adierazle nagusiak jaistea eragin du. Aintzat hartu behar da kontsumoa dela AEBetako ekonomiaren %70, eta 2008a azken 28 urteetako maila apalenean amaitu zuela.

EBn prezioak behera

Europako Batasunean (EB) langabezia handitzen hari da, herrialde batzuetan besteetan baino gehiago. Langabezia tasa %9tik %14,8ra pasatu da Espainian iazko urtarriletik aurtengora. Bera da langabezia tasa handiena duen EBko herrialdea. Batez bestekoetatik urrun dago, EBkoa %7,6koa baita, eta euroaren eremukoa %8,2koa. Proportzioan Espainiak du emakume eta gazte gehien langabezian: %15,6 eta %30,4, hurrenez hurren.

Urtarrilean 386.000 langabe gehiago zeuden EBn. Iaz 2,1 milioi gehiago.

Hala ere, bada datu onik Europako ekonomian: prezioak jaisten ari dira. Iazko abendutik urtarrilera %0,8 jaitsi ziren euroaren eremuan, eta inflazioa %1,1ekoa izan zen. EBn jaitsiera %0,6koa eta inflazioa %1,7koa izan ziren. EBn bi herrialdetan bakarrik igo ziren prezioak, %0,3: Eslovakian eta Finlandian.

Espainian urte arteko kontsumo prezioen indize harmonizatua %0,7koa da, 1997an neurtzen hasi zirenetik bajuena. Zazpi hilabetez jarraian jaitsi da. Iazko abendutik urtarrilera hamarren bat.



Europa

Herrialdea Langabezia Inflazioa

Alemania. % 7,3. % 0,9


Austria. % 4,0. % 1,2


Belgika. % 7,2. % 2,1


Bulgaria. % 5,3. % 6,0


Danimarka. % 4,3. % 1,7


Espainia. % 14,8. % 0,8


Finlandia. % 6,6. % 2,5


Frantzia. % 8,3. % 0,8


Herbehereak. % 2,8. % 1,7


Hungaria. % 8,6. % 2,4


Irlanda. % 8,8. % 1,1


Letonia. % 12,3. % 9,7


Polonia. % 6,7. % 3,1


Portugal. % 8,1. % 0,1


Suedia. % 7,4. % 2,0


Txekia. % 5,0. % 1,4
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.