AEBetako Gobernuak bere gain hartu ditu Fannie Mae eta Freddie Mac

Gobernua bi konpainietan 140.000 milioi euro inbertitzeko prest dago, hipoteka maileguen merkatua egonkortzeko

jakes goikoetxea
2008ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Irabazien pribatizazioa, baina galeren sozializazioa. Jarrera hori izan du Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Fannie Maerekin eta Freddie Macekin. Eta bi enpresen galerak zerga-ordaintzaileen kontu utziko ditu: Gobernuak behin-behineanbere gain hartu du AEBetako mailegu hipotekarioen merkatuko oinarri diren enpresen kontrola. Horretarako, egungo arduradunak kargutik kendu eta konpainien gainbehera geratzeko diru publikoa iragarri du: gehienez 200.000 milioi dolarrera iritsiko den inbertsio plana (140.000 milioi euro). AEBetako Gobernuak inoiz enpresa batean egin duen esku-hartzerik handiena izan da. Batzuek nazionalizazio prozesua deitu dute, baina AEBetako Gobernuak hitz hori erabiltzea saihestu du.

Fannie Maerenak eta Freddie Macenak dira edo beraiek bermatzen dituzte AEBetako mailegu hipotekarioen erdiak: 3,3 bilioi euro. Bi enpresek erosi egiten dituzte bankuek eta kreditu erakundeek herritarrei saltzen dizkieten mailegu hipotekarioak. Horrela, bankuek diru gehiago dute maileguak emateko. Gero, Fannie Maek eta Freddie Macek erositako zor hori errentagarritasun handiko finantza produktu bihurtu eta merkatuetan saltzen dute.

Baina etxegintzak eta finantza merkatuek gain behera egin dute AEBetan, eta Fannie Maek eta Freddie Macek ezin izan diote egoerari bakarrik eta beren baliabideekin aurre egin. Krisiak agerian utzi du egoeraren gordina eta bi konpainien ibilbide arriskutsua: Fannie Maek eta Freddie Macek 56.000 milioi eurorekin bermatzen dituztela 3,3 bilioi euro mailegu hipotekarioetan.

Bi konpainiek porrot eginez gero, AEBetako maileguen sistema osoak porrot egingo luke. Henry M. Paulson Jr. AEBetako Altxorraren idazkariak argi azaldu zuen herenegun, suspertze planaren aurkezpenean: «Zuzenean eta modu txarrean eragingo luke etxeen egoeran: familien aurrekontuetan, etxeen balioan, eskolarako edo erretirorako aurrezkietan, maileguak lortzeko aukeretan, ekonomiaren hazkundean eta lanpostuen sorreran». AEBetako sistema ekonomiko osoan, alegia.

AEBetako Gobernuak Fannie Mae eta Freddie Mac beren esku dauden maileguen kopurua gutxitzera behartuko ditu 2010etik aurrera. Horrez gain, Gobernuak hipotekek bermatutako obligazioak erosiko ditu.

Larrialdi egoera horretan, deigarria da Fannie Maeren eta Freddie Macen orain arteko lehendakariek kobratuko duten dirutza enpresa uztean: 9,3 milioi dolar batek eta 17,1 milioi dolar besteak.

Etorkizuna, airean

Hartutako erabakiaren garrantziaren erakusgarri da jakinarazi aurretik egin zuen bidea: Paulsonek George W. Bush AEBetako presidentearekin, Barack Obama presidentegai demokratarekin eta John McCain presidentegai errepublikanoarekin hitz egin zuen. Hirurek erabakiarekin bat egin zuten. Paulsenek berak esan zuen erabakiak «hutsarte bat» eskainiko diela politikariei: «Kongresu berriak eta hurrengo Gobernuak erabaki beharko dute Gobernuak eta horrelako erakundeek ze rol jokatu behar dute etxegintza merkatuan».

Burtsek begi onez hartu zuten AEBetako Gobernuaren esku-hartzea eta gehienek %3 egin zuten gora. Hala ere, bai Fannie Maeren bai Freddie Macen akzioek hondoa jo zuten. Wall Streeteko merkatua zabaldu eta Fannie Maeren akzioak %78,57 jaitsi ziren eta Freddie Macenak %70.





############



Fannie Mae eta Freddie Mac

Zer esan nahi dute Fannie Mae eta Freddie Mac izenek? Biak laburdurak dira. Fannie Mae AEBetako Hipoteken Erakunde Federala da; Freddie Mac, berriz, AEBetako Etxebizitza Maileguen Korporazio Federala.



Noiz sortu ziren? Fannie Mae Franklin Delano Roosevelt AEBetako presidenteak sortu zuen, 1983an, Depresio Handiko garaian, diru gutxien zuten milioika herritarri etxe baten jabe izatea bermatzeko eta etxea galtzeko arriskuan zeudenei etxea ziurtatzeko. 1968an pribatizatu egin zuten, Vietnamgo gerrarako dirua lortzeko. AEBetako Gobernuak 1970ean sortu zuen Freddie Mac, merkatuan lehia handitzeko.



Zein da beren funtzioa? Ziurtatzea mailegu hipotekarioak ematen dituzten bankuek eta entitateek nahikoa diru dutela etxe erosleei interes baxuko maileguak emateko. «Gure lana Amerika eraikitzen dutenak laguntzea da», dio Fannie Maek bere webgunean.



Nola funtzionatzen dute? Fannie Maek eta Freddie Macek erosi egiten dute herritarrek mailegu hipotekarioen bitartez bankuekin edo bestelako kreditu entitateekin duten zorra. Horrela bermatu egiten dute banku eta entitate horiek dirua dutela mailegu gehiago emateko. Era berean, zor horiek hipotekek bermatutako obligazio bihurtu eta saldu egiten dizkiete mundu guztiko inbertsiogileei. Horrez gain, bankuek emandako hipotekak bermatzen dituzte, komisio baten truke.



Mailegu hipotekarioak ematen al dizkiete herritarrei? Ez.



Publikoak ala pribatuak dira? Teorian, misio publikoa duten konpainia pribatuak dira. Praktikan, ordea, erakunde erdi publikoak dira, Gobernuak babestutako enpresak: larrialdi egoeretan AEBetako Gobernuak maileguak eman dizkie, zerga batzuk ez dituzte ordaintzen eta AEBetako Gobernuaren babesa da beren bermea merkatuan. AEBetako Gobernuak inoiz enpresetan egin duen esku-hartze handiena iragarri zuen herenegun, eta Fannie Mae eta Freddie Mac bere kontrolpean daude orain.



Zein da mailegu hipotekarioen merkatuan duten garrantzia?Berena da edo beraiek bermatzen dute AEBetako hipoteka maileguen merkatuaren ia erdia: 5,3 bilioi dolar (3,3 bilioi euro).



Zerk eragin du bi erakundeen gainbehera? AEBetan gero eta jende gehiagok ezin du ordaindu mailegua, eta Fannie Maek eta Freddie Macek egin behar diete aurre zor horiei. Gainera, kasu askotan etxeen egungo prezioa maileguarena baino txikiagoa da. AEBetako hogei hiri handienetan etxebizitzaren prezioa %16 jaitsi da azken urtean. Fannie Maek eta Freddie Macek galera handiak izan dituzte, eta AEBetako Gobernuak dirua eman behar izan die: 2.250 milioi euroko mailegua iragarri zuen uztailean;144.000 eurokoa atzo. Horrez gain, bi konpainiak bere esku egongo dira. Oraingoz, behin-behineko neurria da.





############



Fannie Maek eta Freddie Macek porrot eginez gero, zuzenean eragingo luke etxeen egoeran»

«Kongresu eta Gobernu berriak erabaki beharko dute zer rol jokatu etxegintza merkatuan»

henry m. paulson jr.
AEBetako Altxorraren idazkaria



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.