AEBetako interes tasen jaitsierak igoerak eragin ditu burtsetan

Erreserba Federalak diruaren prezioa %1,5etik %1era jaitsi du, eta beherakada %4,25ekoa da hamahiru hilabetean

jakes goikoetxea
2008ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Dow Jones indizeak herenegun egin zuen jauzia: %10,88koa. Europako burtsa nagusiek atzo: Madrilgo Ibex-35ek %9,42koa (bere bigarren handiena), Parisko CAC-40k %9,23koa eta Londresko FTSE-100ek %8,05ekoa. Iragarrita zegoen atzo Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Erreserba Federalak interes tasak jaitsiko zituela, eta itxaropen horrek eragin zuen burtsen susperraldia. Erreserba Federalak ustea baieztatu zuen, eta diruaren prezioa %1,5etik %1era pasa du.

Azken hamahiru hilabeteetan interes tasak %4,25 jaitsi ditu, krisiari aurre egin eta finantza erakundeen arteko merkatua eta ekonomia suspertzeko asmoz. Eta ez du baztertu jaitsiera gehiago egitea, beharrezko neurriak hartuko dituela iragarri baitu ekonomiaren hazkundea eta prezioen egonkortasuna bultzatzeko.

Madrilgo Ibex-35aren kasuan, AEBetako interes tasen jaitsieraz gain, atzoko igoeran zerikusi zuzena izan zuten bankuek egunotan plazaratu dituzten emaitza onek: Santanderrek herenegun eta BBVAk atzo. Bankuek nabarmen egin zuten gora Ibex-35ean: Santanderrek %%14,3, BBVAk %13,9, Banco Popularrek %11,36 eta Banestok %7,4.

Izan ere, BBVAk 4.501milioi euro irabazi ditu aurten urtarriletik irailera, iaz baino %5,4 gutxiago. Hala ere, ezohiko diru sarrerak aintzat hartu gabe, bere irabaziak 4.321 milioi eurokoak izan dira, iaz garai berean baino %9,1 gehiago.

Laguntzak aztertzen

Bankuak bezeroei emandako maileguak %10,8 handitu dira. Baita berankortasun tasa ere. Ia bikoiztu egin da: iazko %0,88tik aurtengo %1,55era pasa da.

Jose Ignacio Goirigolzarri BBVAko kontseilari ordezkariak atzo ez zuen argitu ea Espainiako Gobernuak aurreikusitako laguntzak eskatuko dituzten: «Ez ditugu xehetasunak ezagutzen eta itxaron egin beharko dugu». Laguntzen mamia ezagututakoan hartuko dute erabakia.

Goirigolzarrik ez du uste laguntzak eskatzen dituzten finantza erakundeekin «grinatu» behar denik, «laguntzak horretarako baitira eta ez baita ona ez erakundeentzat, ez finantza sistemarentzat eta ezta kontsumitzaileentzat ere». Banco Santanderrek Espainiako Gobernuari eskatu dio ez dezala jakinarazi ze finantza erakundeek eskatzen dituzten laguntzak; Goirigolzarrik, aldiz, gardentasunaren aldekoa dela esan zuen atzo.

Frankfurteko Dax indizea izan zen salbuespena atzo Europako burtsen artean: %0,31 jaitsi zen, Volkswagenek bultzatuta. Aurreko egunetako mozkorraldiaren ostean (astelehenean %146,6 eta asteartean %80 igor ziren), VWen akzioek beren balioaren %43 galdu zuten atzo.

Japoniaren eta EBZren zain

AEBetako Erreserba Federala, ordea, ez zen izan atzo interes tasak jaitsi zituen bakarra. Txinako Banku Zentralak diruaren prezioa %0,27 merkatu zuen eta interes tasak %6,66an utzi zituen. Sei astean egin duen hirugarren jaitsiera da.

Japoniako Bankuak (BoJ) ostiralean egingo du bilera eta interes tasak %0,5etik %0,25era pasatzea erabaki dezake, Nikkei egunkari ekonomikoaren arabera. BoJ-k 2001eko martxotik egingo lukeen lehen jaitsiera izango litzateke.

Hurrengo astean, berriz, Europako Banku Zentralak (EBZ) diruaren prezioa jaistea espero da. Jean Claude Trichet EBZko presidenteak astelehenean iragarri zuen «ziur asko» interes tasak jaitsiko dituztela.



Ez da grinatu behar laguntzak eskatzen dituztenekin, laguntzak horretarako baitira»

jose ignacio goirigolzarri
BBVAko kontseilari ordezkaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.