Bernard Madoff

AEBetako «iruzurgilerik handiena» hil da

Kartzelan hil da Bernard Madoff, gaixotasun baten ondorioz. 2009an zigortu zuten, 30 urtez AEBetako aberats eta boteretsu ugariri eta nazioarteko bankuei iruzur egiteagatik .

Madoff, erdian, 2009ko martxoan, epaitu zutenean. PETER FOLEY (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 15a
11:01
Entzun

«AEBetako historiako iruzurgilerik handiena». Hala izendatu zuten Bernard Madoff Wall Streeteko finantzaria, 2008an atxilotu eta urtebete geroago 150 urteko kartzela zigor «zentzagarria» jarri ziotenean. Atzo hil zen, 82 urte zituela, Ipar Carolinako (AEB) kartzela federal batean, giltzurrunetako gaixotasun sendaezin batengatik.

Hainbat urtez finantzen guru izandakoari, Nasdaq baloreen merkatu elektronikoko presidente ohiari, 50.000 milioi dolarreko (41.824 milioi euroko) iruzurra egitea leporatu zioten 2009. urtean.

Madoffen estrategia piramide sistema tipikoan oinarrituta zegoen, baina eskala handian: lehen inbertsiogileen irabaziekin, etekin handiak agintzen zizkien bigarrenei, eta horien kapitalarekin hirugarrenei, eta modu horretan jarraitzen zuen kapitala bilduz eta bilduz. Finantza sistemaren begiraleak ez ziren iruzurraz ohartu 30 urtean, baina 2008an Wall Streeten lehertutako finantza krisiak agerian utzi zuen haren jokamoldea: bezero berriak erakartzerik ez zuenez, Madoff dirurik gabe geratu zen inbertsioetan bermatutako errentagarritasun handia itzultzeko.

Madoffena inoizko iruzur piramidalik handiena izan zen: 45.000 milioi euro kudeatu zituen, eta gutxienez 15.000 milioi euroren galerak eragin zizkien bere tranpan erori zirenei. Bere bezeroen artean AEBetako aberats eta boteretsu ugari eta nazioarteko bankuak eta aurrezki kutxak zeuden: Kevin Bacon eta John Malkovich aktoreak, Elie Wiesel Literaturako Nobel sariduna, New Yorkeko inbertitzaile dirudunak, besteak beste.

2008ko abenduan atxilotu zuten FBIko agenteek, bere bulegoan, bere seme-alabei 30 urtez zertan aritu zen aitortu ondoren. Madoffek onartu egin zuen leporatutakoa.

2020ko ekainean, arrazoi humanitarioengatik aske uzteko eskatu zuen, baina epaileak ez zuen onartu. Giltzurruneko akats itzulezin bat diagnostikatu zioten, eta Madoffek bere lagun baten etxera joateko eskatu zuen, bere bizitzako azken egunak han igarotzeko. «2009an Madoff jauna kondenatu nuenean, bizitza osoa espetxean ematea zen nire asmoa. Haren abokatuek 12 eta 20 urte arteko epaia eskatu zuten hil aurretik egun argia ikusi ahal izateko, baina ez nuen uste Madoff jaunak itxaropen hori merezi zuenik, eta ordutik ez da ezer aldatu», esan zuen epaileak iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.