Bere lehen garaipen politiko handia lortu du Donald Trumpek. AEBetako Kongresua osatzen duten bi ganberek onartu berri dute hark proposatutako zerga erreforma: Senatuak eta Ordezkarien Ganberak. «Historiako zerga murrizketa handiena» dakar erreformak, Trumpek berak sare sozialetan aldarrikatu duen bezala: hau da, AEBetako Ogasunak 1,3 bilioi euro gutxiago bilduko ditu datorren hamarkadan. Murrizketaren zatirik handiena, enpresentzako da: irabaziak dituzten enpresek aurrerantzean %21eko zerga pagatuko dute, eta ez %35ekoa, orain arte bezala. Era berean, errenta zergan tipoak zazpitik laura murriztuko ditu: %12koa, %25ekoa, %35ekoa eta %39,6koa izango dira.
Oso pozik hartu du Kongresuaren onarpena AEBetako presidenteak, eta harro berba egin du ohar labur baten bidez. "Zerga murrizketa handi bat agindu nien estatubatuarrei Gabonetarako. Horixe da, hain zuzen, legearen onarpenarekin jasoko dutena", esan du. Gaineratu du enpresei eta fortuna handiei zergak dezente jaistea "ekonomiaren motorrari suzirien erregaia botatzea bezalakoa" izango dela.
Duela bost hilabeteko porrot politikoaren arantza kentzeko irudia erdietsi du AEBeatako presidenteak, udan alferrik ahalegindu baitzen Obamacare indargabetzen —Barack Obamaren osasun erreforma—. Alderdi Errepublikanoak bi ganberetan dauka gehiengoa, baina Trumpek ez zuen lortu osasun sistema desegiteko gehiengorik, ez zuelako lortu nahikoa babes alderdikideen artean. Oraingoan, zerga erreformarekin, lortu du errepublikanoen babesa, baina kostata: Etxe Zuria izerditu egin behar izan da bereak konbentzitzeko.
Erreformaren testuak bina itzuli egin ditu bi ganberetatik. Arazorik gabe gainditu ditu lau bozketak, baina bidean moldaketa batzuk gehitu dizkiote errepublikano kritikoenek, defizita pixka bat txikitzeko. Moldatutako testua da gaur bozkatutakoa, eta Senatuan errepublikano guztiek bozkatu dute erreforamen alde (51) —John McCainek izan ezik, gaixo baitago eta ez baita joan—, eta demokrata guztiek kontra (48). Ordezkarien ganberan, aldiz, aldeko 224 boto jaso ditu, eta kontrako 201.
Izan ere, errepublikano batzuek errezeloz begiratzen zioten zerga murrizketari, administrazioak diru gutxiago biltzeak defizit fiskala handituko duelako. 2017a BPG barne produktu gordinaren %3,5eko defizitarekin ixtea espero du Etxe Zuriak. Egungo defizitari 1,3 bilioiko zuloa gehiatuko zaio datozen hamar urteetan. Hortaz, alderdikideak limurtzeko, sozietate zerga tipoa %21era jaitsi dute azkenean, eta ez %20ra, hasiera batean proposatu bezala.
Aurkari politikoak, jakina, galduak zituen hasieratik: demokratak. Errepublikanoei aurpegiratu diote enpresei eta aberatsei opari handi bat egitea, eta, bien bitartean, estatu federalaren zorra handitzea. Klase ertainari traizio egitea egotzi diote.
Trumpek, ostera, argudiatu konpainiei presio fiskala txikitzea erregaia dela hazkundea hauspotzeko. Une honetan BPGaren %3,3ko erritmoan ari da hazten AEBetako ekonomia, eta presidenteak uste du opari fiskalarekin %6ra ere ailegatu daitekeela hazkundea.