Enpresak

AEBetako Maryland estaturako 26 tranbia egingo ditu CAFek

Puple Line ibilbideko tranbia berrien kontratua 180,7 milioi eurokoa da. 2022rako eman beharko ditu trenak, eta haien mantentze lanak egingo ditu 2022ra arte.

Marylanden ibiliko diren tranbiak. CAF
xabier martin
2016ko ekainaren 28a
07:58
Entzun

Beasaingo CAF trengilea kontratu ugari lortzen ari da azken egunetan. Aurreko astean jakinarazi zuen Italia hegoaldean eskuratu duela adjudikazio garrantzitsu bat. Eta gaur bertan AEBetatik iritsi dira albiste onak CAFentzat. Marylanden (AEB) 26 tranbia egingo ditu Purple Line ibilbidearentzat LVR motako bost modulutan. Kontratuak 180,7 milioi euroko balioa du. Euskal multinazionalak 2022rako eman beharko dizkio trenak AEBetako estatu horri, eta tranbien mantentze lanak egingo ditu 30 urtez. CAF USA Inc. adarraren bidez lortu du kontratua Beasainek.

Aurreko astean, CAFek jakinarazi zuen Napoli hiriko garraio publikoa kudeatzen duen enpresarentzat hiriko metroko 1. linearako 6 kotxeko 10 unitateren hornikuntza egingo duela. Sei urterako kontratu bat da, eta aldi horretan beste hamar tren osagarri eskatzeko aukera du Azienda Napoletana Mobilita enpresa publikoak. Italian bere presentzia zabalduko du horrela. Izan ere, hamabi tren elektriko hornituko ditu Triesteko iparraldeko eskualderako, Bari eskualderako bost unitate, zortzi diesel-tren Sardiniako lineetarako eta Milango Metroarekin sinatutako kontratua Lombardiako hiriburuko eremuak zeharkatzen dituzten unitateetarako 250 bogie hornitzeko.

Urtea ondo baino hobeto hasi du Beasaingo trengileak. Eskaera zorroa kopuru errekorretan dago. Urte hasieran Ingalaterrako Arriva UKrekin eta Eversholt Rail Group finantza enpresarekin kontratu bi sinatu zituen, Europan lortutako garrantzitsuenak. Bien artean 740 milioi euroko eskaera lortu zuen Gipuzkoako enpresa handienak. Ingalaterrako iparraldean ibiliko dira trenak, hiriak lotuz, gehienez orduko 160 kilometroko abiaduran.

Maiatzean, berriz, 310 milioiko beste kontratu bat lortu zuen, TransPennine trenbideko lineatarako. Manchester Ingalaterrako iparraldeko hainbat hiri (Liverpool, Sheffield, Hull, Leeds, York, Newcastle...), eta Eskoziako bi hiri nagusiak (Edinburgo eta Glasgow) lotuko dituzte tren horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.