Lehengaiak

AEBetako petrolioa, zerotik behera

Kontsumoaren beherakada handiak eta biltegiak leporaino beteta egoteak eragin du maiatzeko petrolioaren kotizazioa lehen aldiz negatiboa izatea. Brent upela beste bost dolar merkatu da, hogeiraino.

FIndegi bat, petrolio putzu baten ondoan, Pascagoula herrian (Mississippi). DAN ANDERSON / EFE
Irune Lasa.
2020ko apirilaren 21a
15:01
Entzun

Petrolioa zerotik behera salerosi da AEBetan, historian lehen aldiz. Horrek praktikan esan nahi du ekoizle eta bitartekariek erosleei ordaindu egiten dietela petrolioa hartzearen truke. Astelehenean gertatu zen hori, lehengaien salerosketarako NYMEX New York Merchantile Exchange azokan. WTI West Texas Intermediate AEBetako petrolioaren upelaren prezioa hondoratu zen, bainan hori bai, maiatzerako gerokoen prezioa zen soilik. Lerrook idazterakoan, zerotik beherako preziorik ez da ikusi ekainean findegietara hornitu beharreko WTI upeletan; 20 dolarren inguruan jarraitzen dute.

Zer gertatzen ari da petrolioarekin AEBetan?

Bi argazki egin daitezke hori ulertzeko. Bata, hurbilekoa: badago herri bat Oklahoman, Cushing izenekoa, non gurutzatzen diren herrialde hartako oliobide nagusiak, eta non petrolio edukiontzi mordoa dauden. Bere garaian, NYMEXak Cushing hautatu zuen WTI upelaren hornikuntza puntu gisa, eta, oraindik ere, han egindako hornikuntza fisikoen bidez lotzen dira errealitatearekin New Yorken salerosi diren gerokoen prezioak.

Apirilaren 10an, Cushingeko tanketzarrak ia lepo zeuden, beren edukieraren %72an. 55 milioi WTI upel zeuden han, eta pentsatzekoa da gainerako ahalmenaren zati handi bat jada alokatuta edukiko zutela, hurrengo hilabeteetarako.

Astearterako itxi behar ziren maiatzeko hornikuntzak, baina, aurreko egunetan, esku artean zuten petrolioa non gorde ez zutela aurkitu ziren bitartekari batzuk. Jakina, petrolioa ezin da edozein tokitan biltegiratu; berez, gaur egun ez da upeletan gordetzen. Nahas-mahasa iritsi zen merkatura. Prezio hobeen zain petrolioa non gorde ez zuten saltzaileek lehengaiaz libratu behar zuten. Eta horretarako aukera bakarra, une horretan, zera izan zen: erosleei petrolioa doan ematea eta biltegiratze gastuengatik ordaintzea.

WTI upelaren maiatzeko prezioa zerotik behera kokatu zen astelehen goizaldean, -40 dolarrean upela. Petrolioa biltegiratzeko ahalmena izan eta upela prezio horretan erosi zuenak negozio ona egin dezake orain, 40 dolar hartu ditu jada, eta ekainerako 20 dolarretan sal dezake. Arratsalde erditsuan balio negatiboetan jarraitzen zuen maiatzean entregatu beharreko WTI petrolioak, -4 dolarrean.

Zergatik ez dago tokirik AEBetan petrolioa gordetzeko?

Mugimendu espekulatiboak oraingoz alde batera utzi, eta bigarren argazki orokorrago bati begira, errepide eta aireportu hutsak ikus daitezke. Konfinamenduen ondorioz, erregai eskaera —eta beraz, petrolioaren eskaria— amildu egin da; mundu osoan, eta inoiz ez bezala. Findegi asko ez dira petrolioa hartzen ari, eurek ere ez dutelako erregaia nora banatu.

Biltegiratze faltak eragindako inbutua gogorragoa da AEBetan. Eskari handiko eta eskaintza handiko herrialdea dira AEBak, haustura hidraulikoaren (fracking) bidez herrialdean bertan ekoizten den eskisto petrolioaren ondorioz. Pentsa zitekeen WTI upela prezio jakin batetik behera egonda, AEBetako hainbat ekoizle gelditu egingo zirela, porrotean sartu, eta horrek zertxobait murriztu zezakeela ekoizpena, eskaintzaren aldea. Donald Trumpen gobernuak enpresak erreskatatzeko emandako laguntzekin, ordea, ekoizle horiek martxan jarraitu dute, inbutuaren aho handia ez da txikitu.

Orain, ahal bezala ari dira AEBetan petrolioarentzako toki bila. Edukiontzietan eta erreserbetan gero eta edukiera txikiagoarekin, petrolioa kamioietan biltegiratzeko aukera aztertzen ari dira.

Eta Europan ez da berdin gertatzen?

Europan beste petrolio nahasketa bat da erreferentziazkoa, Brent upela. Itsaso bidez datorrenez, fisikoki finkatu beharrean, diruz (eskudirutan) finkatzen da haren prezioa, eta, ondorioz, neurri handi batean, biltegiratze ahalmenaren inbutu hori saihestu egin du. Gainera, petroliontziek ere balio dute petrolioa biltegiratzeko. Ontzi batzuk jada ari dira lan hori egiten.

Hala ere, eskariaren mundu mailako gainbehera izan dezake eraginik Brentean, biltegiratzeko toki falta are gehiago hedatzen bada, eta upelaren prezioak zapaldu. Horren zantzua emango lukete, esaterako, petroliontzien garraio pleiten prezioek.

Brent upela ere merkatu da, baina ez hainbeste. Arratsaldean hogei dolarrean salerosten ari ziren, bezperan baino bost dolar merkeago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.