Jatorri izenik berriena da Arabako Txakolina. Bi urte dira aitortza jaso zuenetik, eta Aiarako eskualdean egiten den ardo horrek produkzioa finkatzeko eta merkatuan indartzeko borrokan ari da orain.
Nolakoa izan da uzta Aiara aldean?
Mahatsa oso ondo iritsi da upeltegietara. Kalitate ona du, baina iaz baino gradu gutxiago. Aurten 11 alkohol gradu izango ditu, txakolinak behar duen batez bestekoa.
Jatorri izena handitzen jarraitzen al du?
Bai, aurten 80.000 kilo mahats gehiago bildu ditugu, eta horrek iaz baino 100.000 botila gehiago merkatura ateratzeko aukera emango digu. Kontuan hartu oraindik Getariako edo Bizkaiko jatorri izenen laurdena besterik ez garela. Uneotan, produkzioan, 30 bat hektarea ditugu. Urtez urte bi edo hiru hektarea gehiago izaten ditugu. Hala ere, dagoeneko 40 ekoizle gara, eta bi upeltegi. Beste bi upeltegi izango gara 2005ean, eta uste dut dozena erdi bat izatera iritsiko garela.
Zein izan da merkatuaren erantzuna?
Dexente saltzen ari gara Katalunian. Kontraesana iruditu arren, Bizkaian ere nahiko ondo kokaturik gaude. Orain Gasteizko ardo zurien plazan indartzeko asmoari ekin diogu, Ruedakoekin lehia estua badugu ere. Laudion eta Amurrion, bestalde, egoera kontrolpean dugu. Merkatura 330.000 botila aterako ditugu, eta, urte gutxi barru 600.000 izatea espero dut.
Eta zeintzuk dira jatorri izenak dituen erronkak datorren urteari begira?
Madrilen banatzaile bat lortzeko lanean buru-belarri gabiltza. Horrez gain, oraindik Gasteizen gehiago lortzeko ahaleginak egin behar ditugu. Bitxikeria bezala, joan den urtean kutxa gutxi batzuk esportatu genituen AEBetara. Ez ziren botila asko, baina harrera oso ona izan zen eta dena saldu genuen. Iaz halako bi eramango ditugu aurten. Kopuru txikiak izanik ere, ilusio handia egiten du.
MAHASTIZAINTZA. JOSE ANTONIO MERINO
«AEBetara kutxa batzuk esportatuko ditugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu