AENAk eta aireportuetako langileek akordioa adostu dute, eta ondorioz, Aste Santurako eta aurtengo opor egun nagusietarako deituta zegoen greba deialdia bertan behera geratuko da. CCOO, UGT eta USO sindikatuek akordioa batzarrean berretsi beharko dute orain eta langileek erreferendumean bozkatu beharko dute. Datorren astean egingo dute, aste erdian edo aste bukaeran, CCOOko ordezkari Jose Manuel Lorenzok jakinarazi duenez.
Hamazazpi orduko bilera baten ondoren iritsi dira akordiora bi aldeak. Adostutakoaren arabera, hitzarmen kolektiboa AENAko langile guztientzat izango da kontratatu dituen enpresa edozein delarik ere, AENA bera edo enpresa pribatua; 2018. urtera arte izango da indarrean.
Sindikatuek aireportuen pribatizazioaren aurka daudela berretsi dute, baina akordioarekin lan postu guztiak eta lan baldintzak bermatuko direla ziurtatu diete. "Sindikatuak izan gara gatazka hau konpontzeko interes handiena izan dugunok", gaineratu du Lorenzok. Gainera, aireportuak kudeatzeko lizentzia jasotzen duten enpresa pribatuetan AENAk administrazio kontseiluan parte hartuko duela ere hitzartu dute.