AENAk Hondarribiko aireportuko langileen %34 kaleratzeko dosierra aurkeztu du Eraginkortasun Planean. Langile Batzordeak haren asmoa salatu du. "53 langileetatik 35 baino ez dira geratuko kaleratzeak gauzatzen badira. AENAren zuloa ez da gure ardura, zuzendaritzaren kudeaketa okerrarena baizik”, esan dute gaur.
Hondarribiko aireportuko zuzendaritza eta Langile batzordearen arteko negoziazioa ez da hasi oraindik, eta horregatik langileek ez dakite nola nahi duen AENAk "adibidez suhiltzaile batek seinaleak egiten dituen langile baten ardura eta eginbeharra hartzea trebakuntzarik ez duela". Negoziazioak jarriko dio eguna kaleratzeei; "baina horrek ez dauka atzera bueltarik", esan du Langile Batzordeko bozeramaile Emilio Garciak (CCOO).
14.000 milioi euroko zuloa du AENAk gaur egun, eta Eraginkortasun Plana deitu duen ekimenaren barruan 1.500 bat langile kaleratuko ditu; Hondarribian 18 langile. Plan horren bidez 30 milioi euro aurreztu nahi ditu AENAk, "zorraren %0,02 baino ez". Finean, Hondarribiak "kalitatean eta segurtasunean" behera egingo duela uste du Langile batzordeak. Dosierra "pribatizaziatzeko urratsa" da langileen ustez. "Aireportuak garbitu nahi dituzte gero euren langunei oparitzeko", esan du Emilio Garciak.
Beharginen ustez, aireportuko pista luzatu ez izanak sortu du egoera, eta erakunde publiko batzuen jokabidea txarretsi dute. "Jaurlaritza eta Gipuzkoako erakundeak dira erantzuleak. Donostia Europako Kultur Hiriburu izango da 2016an; bultza dezatela denek Hondarribia. Ez da normala Loiutik Bartzelonara 80 eurotan joan ahal izatea, eta hemendik 300 pagatu beharra".
Hondarribia hirugarren taldeko aireportua da; urtero 500.000 bidaiari baino gutxiago dauzka. Talde horri eragiten dio AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioaren Eraginkortasun Planak.