AENAren %49 pribatizatzea onartu du Espainiako Gobernuak

Datorren astean hasiko dira prezio finkatzaile «independenteak» AENAk duen balioa zein den zenbatzen

Erredakzioa
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
AENA aireportuen kudeatzaile publikoaren kapitalaren %49 saltzeko baimena eman zuen atzo Espainiako Ministroen Kontseiluak. 2008an hasi zen Espainiako Gobernua aireportuen eredua aldatzeko lehen aipamenak egiten, eta laster errealitate izango da aldaketa hori. Izan ere, prezio finkatzaileak datorren astean hasiko dira AENAk daukan balioa zein den zehazten. Horretarako, prezio finkatzaile «independenteak» bilatu dituztela azpimarratu du Jose Blanco Sustapen ministro eta gobernuko bozeramaileak.

Behin aireportuen ia erdiak pribatizatu ondoren, 9.000 milioi euro lortu nahi ditu gobernuak. Horietatik 5.300 milioi euro Barajas (Madril) eta El Prat (Bartzelona) aireportuen pribatizazioarekin lortuko lituzke. Neurrihorrekin, aireportuen lehiakortasun eta eraginkortasuna handiagotzea lortu nahi dute. Pribatizazioa, gainera, «langileen eskubideak errespetatuz» jarriko dute martxan, Blancok Ministroen Kontseiluaren ondoren egin zuen agerraldian azaldu zuenaren arabera.

Oraingoz, esleipenak egiteko eperik ez du zehaztu Sustapen Ministerioak, ezta kapitala zein eratan eskuratu ahal izango den ere. Izan ere, merkatuen egoerak ez du halako aurreikuspenik egiteko aukerarik ematen, baina unearen arabera, burtsan jarriko dutela AENAko kapitala edo inbertitzaile pribatuen bitartez egingo dutela dio.

Autonomien presentzia

Aireportuen eredua aldatu behar zela aipatzen hasi zirenean, Espainiako Gobernuak esan zuen autonomia erkidegoek «pisu azpimarragarria» izango zutela eredu berrian. Orain, AENA Aeropuertosen %49 esku pribatuetan geratuko delarik, proposamen hori ezerezean geratuko da. Edozein modutan, emango diren esleipenak zaintzeko hainbat elkarte sortuko dira. Eta elkarte horietan erkidegoetako gobernuek, udalek eta merkataritza ganberek zeresan «nabarmena» izango dutela adierazi zuen Blancok atzoko agerraldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.