Aeronautika

Aernnovak 130 langile botatzeko dosierra jakinarazi die sindikatuei

50 langile taldeko beste lantegi batzuetara mugitzea eskaini du, eta horrekin batera erretiro aurreratuak eta diruz lagundutako kaleratzeak proposatu ditu.

Aernnova Aeroestructuras lantegia barrutik, Berantevillan (Araba). RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko azaroaren 6a
13:39
Entzun

Aernnova Aeroestructuras lantegiko zuzendaritza eta batzordean ordezkaritza duten sindikatuak gaur bildu dira lehen aldiz, enpresak hainbat langile kaleratzeko asmoa aurreratu zuenetik. Enpleguaren Erregulazio Eskaeraren dokumentazio ofiziala eman die enpresak langileen ordezkariei, eta kaleratu nahi duen zenbateko zehatza ere jakinarazi die: 130 langile. Gaur egun Berantevillako lantokian ari diren bost langiletik bat.

Kaleratzeak heldu den urteko otsailean gertatuko lirateke. Izan ere, gaur egun lan taldearen %90 behin behineko dosier baten eraginpean dago, eta biak ezin dira aldi berean egin. Datorren ostegunerako langileak batzar batera deitu dituzte sindikatuek. Bilera horretan erabakiko dute nola erantzun Aernnovako zuzendaritzaren kaleratze mehatxuari. Bitartean, baldintzak negoziatzeko epea hasi da.

Enpresak argudiatu du ez dagoela lan zamarik, eta etorkizunean ere ez dela helduko. Langile batzordeko presidenteak, Juan Carlos Gomezek, ukatu du hori, eta azken urteetan euren lantokitik produkzioa atera dela azpimarratu du, "neurria justifikatzeko". Zuzendaritzak borondatea balu, Arabara lan zama gehiago ekartzea posible dela uste du batzordeko buruak, halaber.

Momentuz, enpresak 50 langile beste lantoki batzuetara mugitzea eskaini du, baina Araban soilik hamar lagunentzat lekua legoke. Halaber, erretiro batzuk aurreratzeko eta kaleratzeak diruz laguntzeko aukera mahai gainean jarri du. "Norbaitek alde egin nahi badu kalte-ordaina interesatzen zaiolako, ez diogu aurka egingo, baina ez dugu onartuko jendea behartuta botatzea enpresaren interesei mesede egiteko burtsara atera nahi duenean", azaldu du Gomezek.

Berehalako kaleratzeak ez dira enpresaren mehatxu bakarra. Gomezen arabera, enpresak ohartarazi die bi urte barru beste 200 kaleratze egin ditzakeela, euren lan baldintzak murrizteari uko egiten badiote.

Sindikatuek administrazio publikoen babesa bilatuko dute, gertatzen ari den egoeran ardura handia dutela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.