Aernnova Aeroestructuras lantegian 133 langile kaleratzeko enpleguaren erregulazio dosierrari buruz negoziatzeko ezohiko bilera egin dute gaur sindikatuek eta zuzendaritzak. Bileran enpresak jakinarazi die dosierra bertan behera uztea erabaki duela. Eusko Jaurlaritzaren lan ikuskaritzara bihar eramango du dosierra erretiratzeko eskaera ofiziala.
Zuzendaritzak dokumentu bat eman die sindikatuei, erabakia hartzeko arrazoiekin. Agiri horren arabera, dosierraren helburua zen konpainiaren "bideragarritasuna" bermatzea, "ahalik eta lanpostu gehien babestuta". Enpresak ukatu du "xantaia" izan dela. Haatik, negoziazio prozesuan "industria esparrutik kanpoko faktoreak" agertu direla uste du, eta horien ondorioz negoziazioak normaltasunez aurrera egitea "bideraezina" dela iruditzen zaio.
Zuzendaritzak langileen ordezkariei emandako dokumentazioan ez ditu kanpoko faktore horiek zentzuk diren aipatzen. Haatik, Aernnovak joan den astean jakinarazi zuen Toledon (Espainia) 145 lanpostu sortzeko asmoa zeukala proiektu berri bat abiatzeko, aldi berean Araban kaleratzeak egin nahi zituen bitartean. Berantevilla herrian kokatuta dago Aernnova Aeroestructuras. 580 langile ditu gaur egun.
Airbus enpresarentzat ateak egingo ditu Aernnovak Toledon. Lan zama horrek datozen 25-30 urteetarako lana bermatuko du. Zuzendaritzak ziurtatu du Arabako lantegia ez dagoela eskaera horri aurre egiteko behar bezala prestatuta, ez dituelako "azpiegiturak edo makineria", ezta "behar den esperientzia" ere ez . Aeroestructuras lantegiak ez duela inoiz halakorik egin zehaztu du, eta ez dituela "lehiakortasun baldintzak betetzen" uste du.
Bi arazo konpondu gabe
Dosierra bertan behera geratuko bada ere, Aernnova Aeroestructuras lantegian "irtenbiderik ez duten bi arazo" daudela ohartarazi die enpresak sindikatuei. Batetik, enpresa ez dela "lehiakorra". Bestetik, oraindik ere lantegiko produkzio ahalmenean "soberakina" dagoela. Kaleratzeak egiteaz gain, lan baldintzak murrizketak egitea exijitu zien enpresak langileei. Besteak beste, soldatak %10 jaistea eta urtean 150 lan ordu gehiago sartzea nahi zuen.
Kaleratzeen iragarpenak erreakzio ugari eragin zituen. Eusko Jaurlaritzak haserrea agertu zuen, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuaren bidez. Zuzendaritzaren argudioak ez zituela onartzen adierazi zuen Tapiak, eta gobernuari "ateak ixtea" egotzi zion Aernnovako zuzendaritzari. Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalezek, enpresak emandako argudioak ez zituela ontzat jotzen azpimarratu zuen, halaber.