Aernnovako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek onartu dute Eusko Jaurlaritzaren laguntza bilatzea akordio bat posible egiteko. Sindikatuek eskatu zuten bitartekaritza hori atzo eginako bileran, negoziazioetan zegoen blokeo egoera argudiatuta. Zuzendaritzak gaur ontzat jo du eskaera hori.
Berantevillako lantegiaren antolakuntzari eta etorkizunari buruz negoziatzen aritu dira azken hilabeteotan. Joan den urtean 130 langile kaleratzeko erregulazioa martxan jarri zuen enpresak, baina azkenean atzera egin zuen, neurri handi batean presio publikoaren eraginez. Haatik, langileak sobera dituela defendatzen jarraitu du zuzendaritzak, eta negoziazio prozesu bat abiatzea proposatu zien sindikatuei. Borondatezko irteeren bidez lantaldea murriztea, lan baldintza berriak, eta behin behineko erregulazio bati buruz hitz egiten aritu dira.
Martxoaren 18an jarri zuen enpresak akordioa lortzeko epemuga, baina prozesua luzatuko du Jaurlaritzaren bitartekaritza onartzeak. Muga horren helburu bakarra langile batzordea "behartzea eta presio egitea" zela uste dute sindikatuek.
Atzoko bilerara eramandako proposamena aldatzea eskatu zion enpresak batzordeari, egindako mugimenduak gutxiegi zirela iritzita. Sindikatuek, berriz, beste proposamen bat egiteko txanda zuzendaritzari zegokiola argudiatu zuten. Gaur goizean ez zuela bestelako proposamen bat egiteko asmorik jakinarazi die zuzendaritzak, baina Jaurlaritzara jotzeko aukera onartu du.
Berantevillako lantegian 580 langile ari dira, eta horietatik 140 inguru sobera dituela ziurtatu du konpainiak. Langileak kexu dira, behin eta berriro lantegiaren geroa bermatuko duen lan zama berria eskatzen ari direlako eta enpresak ez duelako hori argitzen. Uneotan soilik 2019. urte arteko lana dutela azaldu dute batzordetik.