Hegazkigintza

Aernnovako langileek uste dute kaleratzeak indargabetzeko arrazoiak badaudela

Epaiketan salatu dute enpresak iruzur egin duela, enpresaren jabe eta bezero bakar den heinean fakturazioa baldintzatzeko ahalmena duelako.

Aernnovako langileen elkarretaratzea EAEko Auzitegi Nagusiaren kanpo aldean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko apirilaren 13a
13:29
Entzun

Aernnova Aeroestructuras Alavako langile eta abokatuek itxaropentsu ekin diote enpresako zuzendaritzak eginiko lan erregulazio espedientearen epaiketari. 82 kaleratzeak –55 kaleratze zuzenak dira, eta beste 27ak ordainduriko kaleratzeak eta aurreraturiko erretiroak– indargabetzeko nahikoa arrazoi badagoela sinetsita daude, eta bi argudio nagusitan oinarritzen dute haien ustea: batetik, krisi kointural batean kaleratzeen aurretik behin-behineko neurriak lehenetsi behar direla, eta, bestetik, enpresa iruzurra egin duela. «Gure bezero bakarra Aernnova taldea da, eta gure nagusia ere bai. Beraz, gure lan karga eta fakturazio zenbakiak haren esku daude», azaldu du Juan Karlos Gomez langile batzordeko presidenteak.

Aernnovaren epaiketak ikusmin handia sortu du. EAEko Auzitegi Nagusian izan da epaiketa, Juan Carlos Benito Butron epailearen zaintzapean. Berantevillako plantako 454 langileek greba eguna egin dute gaur, eta asko Bilbon izan dira lankideei babesa ematen. Han izan dira ITP Castingseko eta Tubacexeko langileak ere. Haiek ere erregulazio espedienteak jasan dituzte aurtengo neguan, eta Aernnovaren antzeko bidea egingo dute. ITPren kasuan, epaiketa hilaren 27ra atzeratu dute, eta Tubacexen epaiketaren eguna ezartzeko dago oraindik.

Epaiketa luzea espero da, hiru salaketa bateratu baitituzte: USO eta ELA sindikatuek jarritako bana, eta langile batzordearena. Azken horretan LABen zerbitzu juridikoek hartu dute lema. Epaiketaren aurretik emaniko azalpenean, Gomezek enpresak negoziatzeko izan duen borondate falta kritikatu du: «Batzordean, aldi baterako edozein erregulazio onartzeko prest geunden, eta enpresak uko egin zion. Aldi baterako erregulazioa 11 egunez luzatzea aski zen 55 kaleratze zuzenak eragozteko». Ebazpena hiru aste edo hilabete barrurako espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.