Aeronautika eta makina erreminta sektoreetako euskal enpresen eskariz, besteak beste ITP eta Danobat tartean direla, sortu da Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa (FAAZ). Haren xedea argia da: aeronautikako ekoizpen teknologia berrien ikerketan MRL 6-7 mailan ibili ahal izatea; hots, proiektuen garapenerako egiazkoen pareko teknologiak eta makinak erabili ahal izatea, antzeko funtzio eta tamainak dituztenak.
Ez da nolanahiko lorpena ikerketa maila horietan ibiltzeko aukera izatea Bizkaiko Parke Teknologikoan. Industria alorrean fabrikazioaren heldutasuna neurtzeko erabiltzen da MRL eskala —2005. urtetik— eta gaur egun 10 maila ditu. Jatorria TRL eskalan dauka, teknologia aeroespazialen heldutasun maila neurtzeko NASAk 80eko urteetan ezarri zuen mailaketan.
Heriotzaren Harana
Fabrikazio alorrean MRL eskalako 6-7 mailak Heriotzaren Harana bezala ezagutzen dira. Garapen maila horietara iristean geldotu edota hil egiten dira hainbat eta hainbat ideia eta diseinu, besteak beste, oso arazotsua izan daitekeelako oinarrizko ikerketaren emaitzak egiazko ingurune adierazgarrietara transferitzeko momentua.
Heriotzaren Haraneko arazoak ahalik eta ondoen saihesteko tresna izango da, beraz, AFAZ, eta euskal enpresei erraztu eta bizkortu egingo die bere produktuentzako ikerketa eta garapen fasetik ekoizpenerako jauzia.
Horrez gain, ikerketa eta garapenerako erakunde desberdinen arteko sinergia guztiak baliatzea ere helburu izango du AFAZek. Zentroaren inguruan, izan ere, hainbat erakunde eta eragile batzen dira. Horien guztien ordezkariak izan dira gaur zentroaren inaugurazio ekitaldian, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zutela.
Berez, FAAZek izaera mistoa du, enpresa talde batena eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatearena baita aldi berean. Hori bai, erakunde publikoen babesean abiatu da; hasierako inbertsioaren bederatzi milioi euroetatik Jaurlaritzak bost jarri ditu eta Bizkaiko aldundiak beste lau milioi euroak. Urteko 1,2 milioi euroko aurrekontuaren %65 ziurtatu dauka zentroak, haren bultzatzaile den enpresa taldetik datozkion kontratuekin. Gainerakoa, deialdi eta halakoetan bilatu beharko du.
Urtarriletik jada lanean dago fabrikazio aurreratuko zentroa eta dagoeneko 15 proiektu bukatuta ditu. 16 egitasmorekin ari da jardunean gaur egun, eta beste 84 ditu abiatu zain.
Ignacio Mataix ITPko zuzendari nagusiaren arabera, zentroak egindako proiektuetatik 11 jada ari dira fabriketan ezartzen. Haren ustez, «aeronautikako ekoizpen lerro osoan modu koordinatuan teknologia aurreratua ezarri eta garatzeko eragin traktorea izango du zentroak». Ezagutzaren transferentziarako eredua ere bada FAAZ Nekane Balluerka EHUko errektorearen iritziz, eta baita ere « sektore publiko eta eta pribatuaren arteko lankidetzaren adibide bikaina». Norberto Lopez de Lacalle EHUko ingeniaritza eskolako irakaslea da FAAZeko zuzendaria.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, berriz, aeronautika sektoreak EAEko industria BPGaren %6,1 hartzen duela gogoratu du ekitaldian. «2.250 milioi euroko fakturazioa eta 4.520 enplegu zuzen iaz». Iñigo Urkulluk lehendakariaren aburuz ere, «aeronautika sektorea oinarrizkoa da Euskadiren lehiakortasuna bultzatzeko». Fabrikazio aurreratuak laugarren industria iraultzako eraldaketa laguntzen duela ere azpimarratu du.