Gasteizko Merkataritza arloko epaitegiak konkurtsoan deklaratu zuen elkarte hori martxoan, eta prozedura horretan ebatzi du Afypaidak itzuli beharreko dirua; 17,2 milioi euro Espainiako Ekonomia Ministerioari, 69.000 Fogasari, 25.000 Gizarte Segurantzari, 7.225 Arabako Foru Aldundiari, 51 Gasteizko Udalari eta 36.531 Eusko Jaurlaritzari, besteak beste.
Jaurlaritzak 2,7 milioi eman zizkion proiektuari, baina otsailean adierazi zuenez, ez da auzian akusazio partikular izango; horretarako "oinarririk" ez zuela ikusten adierazi zuen orduan, argudiatuta "laguntzen helburuak bete" zirela eta kontuei auditoretza egin zitzaielako.
Hiriko ibilgailu elektrikoa egiteko proiektuari begira sortu zuten Afypaida Jesus Etxabe, Iñigo Antia, Fernando Atxaerandio, Jose Luis Bengoetxea eta Jose Barreirak, eta proiektuaren porrot ekonomikoari lotutako kereilan akusatuak daude denak.
Sustatzaile nagusiak izaki, Hiriko autoak diseinatzeko eta ekoizteko "esperientziarik eta azpiegiturarik" gabe aritu izana egotzi die fiskaltzak, baina, batez ere, diru publikoa euren mesedetan erabiltzeko egitasmoa asmatu izana.