Kalifikazio agentzien erabakiek baldintzatu egiten dituzte agintarien eta inbertsiogileen erabakiak. Kalifikazio agentzien boterea zalantzan jarri behar dela uste du Mario Draghi Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak: «Ebaluazioei hainbesteko garrantzia eman gabe funtzionatzen ikasi behar dugu», esan zuen atzo Europako Legebiltzarreko Ekonomia Batzordean. «Arautzaileek, inbertsiogileek eta bankuek independenteagoak izan behar dute». Draghirentza kalifikazio agentzien erabakiak kaudimenari eta fidagarritasunari buruzko informazio bat gehiago baino ez dira.
Jarrera aldatzeko eskatu zien agintariei, inbertsiogileei eta bankuei. Kalifikazio agentzien erabakien aurrean denbora ez galtzeko eta ez kexatzeko. EBZk hala jokatzen duela, nabarmendu zuen EBZko presidenteak.
Draghik nabarmendu zuen kalifikazio agentziek ospea galdu dutela urteotan, eta Europako Batasunari kalifikazioekiko «mendekotasun mekanikoa» gutxitzeko eskatu zion.
Munduan hiru kalifikazio agentzia nagusi daude: Standard & Poor's, Moody's eta Fitch. Hirurak Ameriketako Estatu Batuetakoak (AEB). Europan tarteka agintari batek edo bestek aipatu izan du Europan kalifikazio agentzia bat sortu beharra, AEBetakoekiko mendekotasuna murrizteko. Azkena Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri ministroa izan zen, herenegun.
Draghik atzo zuzenean ez zuen halakorik eskatu, baina esan zuen ona izango litzatekeela kalifikazio agentzien arteko lehia handitzea.
Arautzeko zain
Krisiaren sorreran erantzukizuna izan zuten, baina botere handia edukitzen jarraitzen dute. Mundu guztiko agintariek kritikatu dituzte kalifikazio agentzien erabakiak eta erabakiak hartzeko moduak, baina oso gutxi egin dute haiek kontrolatzeko: funtzionamendua, erabakiak hartzeko irizpideak, interesak...
Atzo, beste behin, Europako Batzordeak esan zuen kalifikazio agentzien sektorea arautuko duela. «Kalifikazioen gardentasuna areagotu nahi dugu, batez ere estatuei buruzkoak», Amadeu Atafajen esanetan. Altafaj Europako Batzordearen bozeramailea da gai ekonomikoetarako.
Draghik onartu zuen ez dutela eskumenik kalifikazio agentzien sektorean, baina lehia handitzeko edozein urrats ondo iruditiko zaiola.
Agentziei garrantzia kendu behar zaiela uste du Draghik
Independenteago izateko eskatu die agintariei, inbertsiogileei eta bankuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu