Agour gasnategia Iratiko bidean instalatu dute

Hergaraiko 25 laborariren eta Iratiko beste hamarren esnea bilduz, ibarraren geroa segurtatu nahi dute

Jenofa Berhokoirigoin.
Mendibe
2010eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Iratiko bidean den Mendibe herrixkan (Nafarroa Beherea) gasnategia irekiz, handituz doa Heletan (Nafarroa Beherea) den Agour enpresa. Irati mendiaren azpian den Hergarai ibarreko 25 bat artzainek eta bortuan diren beste hamar batek diote esnea banatzen, eta guztira 600.000 pinta ditu gasnatzen. Haatik, gutxiengo bat da bakarrik bortuan jetzia, geroz eta artzain gutxiago direlako mendian egoten.

Gasnategiaren buru den Jean Etxelekuk dioenez, «laborantza txikitik bizi diren laborarien geroa segurtatzea» du helburu. Horretarako, Ossau-Irati AOC sor-marka segituz, manex tokiko ardi arrazaren edo esne gordinaren hautua eginez, kalitateari lehentasuna emateko erabakia hartu du. Hain zuzen, «mendiko laborantza eta ohiturak iraunaraztea» duelako xede.

Gasnatzeko toki bat izateaz gain, «ikerketa gune» bat ere dela dio. Hau da, «esneari oraindik balio handiagoa emateko», ekoizteko beste modu batzuk pentsatu nahi ditu. Aurten, adibidez, usaiazko gasna idorraz aparte, gasna guri edota freskoak ditu proposatzeko. Gehiengoa ardi esnearekin ekoitzia bada, ahuntz ala behi esnea ere transformatzen du. Haatik, guztiek ez dute AOC labela. Ekoizpenaren zati bat ekologikoan proposatzea du beste urterako xede.

«Herria bizi dadin»

«Irati Hergaraiko artzainentzat; herria bizi dadin», dio gasnategiaren sartzeko atearen gainean zizelkatu mezuak. Funtsean, horregatik ere begi onez hartu dute egitasmoa lekuko artzainek. Behorlegiko (Nafarroa Beherea) Marie-Pierre Lerriza artzainak dioenez, «enpresa honetaz aparte, ez da beste ezer eskualde honetan; anitz ekarri digu».

Guztira, zortzi langile dira enpresan, eta beste bizpahiru lanposturen sortzea helburu du Etxelekuk. Enplegua sustatzeaz gain, artzainak prezio hobeagoan pagatuak dira ere, banatu esnea gordina izaki. Gasnategia bisitariei irekia izateaz gain, bisita komentatua ere proposatzen zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.