Hilberria. Jean Etxeleku
Agourren sortzailea
Laborantzan eta enpresa munduan ezaguna zen Jean Etxeleku; atzo goizean zendu zen, buruan odoljario bat ukanik. «Ondare ederra uzten du tokiko ekonomiari», zioen barda Mixel Bergouignan haren lagun handiak. Aspaldiko bidelaguna zuen, eta urtez urte ikusi du zer ekartzen zion Ipar Euskal Herriari: «Etxelekuk egindakoa ez balu egin, esnearen arloa ez zen izanen gaur egun dena». Landetan kokaturiko Aquitalait esnetegian formaturik, Nafarroa Beherera itzuli eta Sica Esnea esnetegia sortzeko ideia gauzatu zuten 1975ean. Sortzaileen artean ika-mikak zituztenez, enpresa utzi zuen. Ez zuen, haatik, enpresen mundua eta esnearen arloa uzteko xederik. Agour esnetegia sortu zuen 1981. urtean, eta gaur egun beti zutik da enpresa, Peio haren semearen eskutan. Enpresaburu gisa harturiko erabakiek tokiko laborarien desadostasuna eta kexua eragin izan zuten behin baino gehiagotan. Baina bere proiektua argi zuen, eta beti segitu izan du aitzina: «Gizon osoa zen, zenbait aldiz bortitza, borrokalaria zelako», Bergouignanek gogoratzen duenez. Etxelekuk berak zionaz, «esnetegia eta laborarien arteko elkarlan iraunkorra» zuen helburu. Bihar eginen da ehorzketa, 15:30ean, Donazaharreko elizan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu