Zimbabwen ohikoa da 1.000.000.000.000 dolarreko billete bat poltsikoan eramatea. Ez aberatsez betetako herrialdea delako, sekulako hiperrinflazioaren eraginez Zimbabweko dolarrek hutsaren hurrengoko balioa dutelako baizik. Zimbabweko Banku Zentralak neurriak hartzea erabaki du, eta gaur iragarri du bere diru propioa ezabatuko duela; aurrerantzean AEBetako dolarrak erabiliko dituzte.
Herritarrek ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean izango dute diru trukea egiteko aukera. Zimbabweko 35 bilioiren truke, AEBetako dolar bat eskuratuko dute. Herrialdeko inflazioak 2009an jo zuen goia: urte horretako urtarrilean 100 trilioi dolar zimbabwetarreko billeteak jaulki zituen —euskaraz, ingelesezko trillion bilioi bat da, milioi bat milioi—. Herrialdeko moneta ezabatzeko prozedura orain hasiko da martxan, baina azken urteetan dagoeneko diru transakzio gehienak AEBetako dolarretan edo Hegoafrikako randarekin egiten dituzte.