Europako Batzordeak urtebete barru zehaztuko du zein herrialdek betetzen dituzten euroa hartzeko ezinbesteko baldintzak, eta, horregatik, aurkeztu berri duten txostena «erabakian eraginik ez» duela izango nabarmendu zuen Almuniak. Alabaina, erabakia hartzeko unean «oso zorrotzak» izango direla iragarri zuen.
Estoniak, Lituaniak eta Esloveniak 2007. urtean euroa erabiltzeko asmoa dute, baina Ekonomia komisarioaren arabera, azkenaldian inflazioa kontrolatzeko arazoak izaten ari dira hiru herrialdeotan. Hirurek adierazi dute, ordea, egoera hobetzeko konpromisoa. Plazaratutako txostenaren arabera, Estoniak, Lituaniak, Eslovakiak eta Esloveniak eurorako prestatzeko politika egokiak abiatu dituzte. 2008an euroa hartu nahi duten Ziprek, Letoniak eta Maltak, aldiz, «hasierako fasean» besterik ez daudela ohartarazi du Europako Batzordeak.
Gainerako herrialdeei dagokienez, Eslovakia 2009. urtean sartuko da Eurogunean eta Zipre eta Hungaria, 2010ean. Poloniak oraindik ez du datarik iragarri, hasieran 2009an izango zela adierazi zuen arren. Almuniak nabarmendu zuen euroa egun erabiltzen duten herrialdeek «sei urte behar izan» zituztela prest egoteko. Hori dela eta, egoerari aurre egiteko neurriak azkartzeko eskaera egin zien EBko kide berriei.
Euroaren sarrera prestatzeko planek alderdi ugari jorratu behar dituzte, ekonomian ez ezik, gizartean ere eragina duelako diru aldaketak. Besteak beste, egin beharreko txanpon eta billete kopurua ezarri, kontsumitzaileak babesteko neurriak hartu edota bi diru motak batera izatea kalkulatu behar dute gobernuek.
Europarren mesfidantza
Euroa erabili beharko duten europarren artean, mesfidantza nagusi dela aitortu zuen Joaquin Almuniak, inkesta baten arabera, %75ek uste dute euroak «gehiegizko salneurriak» ekarriko dizkiela. Horren ildora, euroa erabiltzen duten 12 herrialdeetan diru berriak inflazioaren gorakadarik ez duela eragin ziurtatu zuen, jendearen ustearen kontra, estatistikek hori erakusten dutelako.
Herritarren beldurrari aurre egiteko informazio kanpaina zabalak egiteko beharra azpimarratu zuen Ekonomia komisarioak, eta, horrekin batera, prezioak kontrolatzeko politika eraginkorrak proposatu zituen.
-
EZINBESTEKO BALDINTZA
Kide berriak euroa hartzera behartuta daude
Europako Batasunak euroa indarrean jarri zuenean hiru herrialde kanpoan gelditu ziren, 1999an. Batetik, Suediak ez zituen bete Maastricheko Itunak zehaztutako baldintza ekonomikoak, eta, bestetik, Erresuma Batuak eta Danimarkak ezetza eman zioten. Azken horiek herri galdeketan esan zioten ezetz Maastricheko hitzarmenari, eta britainiarrak, haiek erabakita, itunaren hirugarren fasetik at gelditu ziren. Europako Batasuneko hamar kide berriek, ostera, bere diru nazionala euroarekin ordezkatzera behartuta daude, epe jakinik gabe bada ere.