Nekazaritza

Aho batez onartzeko bidean da Emakume Nekazarien Estatutua

Proiektua aztertu duen Eusko Legebiltzarreko lan taldeak prest du irizpena, eta urrirako lege bihurtzea aurreikusi du.

Baserrian jarduten diren andreen eskubideak arautu nahi ditu Emakume Nekazarien Estatutuak. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2015eko irailaren 15a
09:15
Entzun

Urriaren 15ean Emakume Nekazarien Estatutua osoko bilkuran bozkatzea aurreikusita dago Eusko Legebiltzarrean. Egun hori propio aukeratu dute alderdiek, landa eremuko emakumeen nazioarteko eguna ospatzen delako. Aldez aurretik, irailaren 28an, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Batzordeak oniritzia eman beharko dio irizpenaren testua.

Tramite guztiak gaindituta legegaia "aho batez" onartzea espero du Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkide eta lan taldeko buruak. Lege-proiektua aztertzeko azken saioa egin dute gaur goizean legebiltzarkideek. Taldeen hainbat ekarpen aintzat hartu direla azaldu du Telleriak, bileraren ondoren egindako agerraldian.  Mamian ez dela sakoneko aldaketarik egongo zehaztu, eta onartu diren xehetasun teknikoek proiektua "indartu eta hobetu" dutela uste du.

Emakume Nekazarien Estatua moldatzeko 60 zuzenketa aurkeztu zituzten alderdiek. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk irizpena bere horretan onartuko duten itxaropena du Telleriak. PPri dagokionez, zuzenketaren bati eusteko asmoa du, baina bozketaren legea babestuko duela uste du EAJko legebiltzarkideak. "Benetan bidegabea den egoera bat zuzentzearen aurka inork ez duela bozkatuko uste dut", azaldu du.

Egiten duten lana aintzat hartu, ikustarazi eta emakume baserritarrei babesa ematea da estatutu proiektuaren helburu nagusia. Praktikan, batez ere, ustiategien titulartasunari buruzko atalak du garrantzirik handiena. Emakumeak ustiategien titular bezala agertzea — euren kabuz, edo modu parketatuan — bultzatuko du. Gutxienez urteko errentaren erdia nekazaritza jardueratik lortzen duten emakumeak ustiategien jabetzaren parte izango dute, legeari jarraituz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landa eremuan egindako azken erroldaren arabera, ustiategien %68 gizonen izenean dago, eta %32 baino ez emakumeen izenean.

Lege "aitzindaria" dela azpimarratu du Telleriak. Ez dago halakorik beste inon Europako Batasunean. Emakumeen titulartasuna duten baserri eta nekazaritza enpresen alde egingo du administrazioak lehiaketa publikoak antolatzerakoan edo dirulaguntzak banatzerakoan. Puntu gehiago jasoko dituzte ustiategi horiek. Halaber, emakume nekazariek Gizarte Segurantzan kotizatzea zabaltzeko laguntzak eskainiko ditu. Sektoreko elkarteei hiru urte emango zaizkie berdintasun printzipioak barneratzeko, bestalde.

"Gehienetan ikusezina den edo isilduta dagoen lan bat aitortzeko balioko du legeak", nabarmendu du Telleriak, eta gogoratu du legebiltzarrera iritsi baino lehen eztabaida eta adostasun zabala izan zuela ekinaldiak. Emakume baserritarren eremuan lan egiten duten hainbat elkarteren ekarpenak jaso zituen estatutugaiak, eta aldeko txostena egin zion Emakundek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.