ELA sindikatuak gaitzetsi egin du atzo Bergaran abiadura handiko trena egiteko lanetan hil zen langilearen heriotza, eta azpiegitura hori eraikitzeko lanetan diharduten langileen segurtasun baldintzak salatu ditu. Sindikatuak oroitarazi du trena eraikitzeko lanetan hil den zazpigarren langilea dela atzokoa.
"Baldintza txarrak izatea" eta lan hitzarmena ez ezartzea "ohitura" da lan horretako beharginentzat, ELAren esanetan. Azaldu du sindikatuak behin baino gehiagotan salatu duela "iluntasun politika hori" Lan Harremanen Kontseiluaren menpeko Preco arbitratze organoan, eta gogora ekarri du ETSk aitortu egin zuela ez zirela lan baldintzak betetzen. Gainera, kritikatu du lanen arduradunek "oztopo etengabeak" jartzen dizkietela sindikatuei; adibide gisara aipatu du ordezkari sindikal batzuei lanen zati batzuk ikustea galarazi izana.
LABek, berriz, murrizketak izan ditu hizpide. "Sistemaren propagandistek diote egoerak ardura eta austeritatea eskatzen duela. Baina abiadura handiko treneko obrekin guztiz kontrako jarrerari eusten diote: behin eta berriro errepikatzen dute aurrera eramango dituztela, kosta ahala kosta, aurreikusita baino gehiago bada ere, eta pentsatutako denboran. Hemen inporta duen bakarra negozioa da, ez besterik". Jakinarazi du elkarretaratzea egingo duela Bergaran.
CCOOk atzo Bergaran hil zen langilearen heriotza "sakonki" ikertzeko eskatu dio Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari. Lan itunak ez onartzea eta azpikontratazioak egitea "langileen segurtasuna bermatzeko nahasketa txarra" dela salatu du, eta "kontrol eta segurtasun handiago baten" beharra azpimarratu du: "Ezin da onartu administrazio batek lan batzuk agintzea eta ez arduratzea bertan lan egiten dutenen lan baldintzetaz".
LAB, ELA, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratze bat egingo dute etzi 12:00etan, Bergarako Arcelor enpresaren aurrean dagoen biribilgunean, langileen osasunaren kontrako erasoa salatzeko.