Greba deialdia

Aiaraldeko Greba Batzordeak mobilizazioak eta lanuzteak egitera deitu du ekainaren 2rako

'SOS Aiaraldea' lelopean, lau orduko lanuzteak egingo dituzte eskualdean, eta manifestazioak Amurrion eta Laudion. Eskualdea «etorkizunik gabe» geratzen ari dela salatu nahi dute.

Aiaraldeko Greba Batzordea osatzen duten eragileetako ordezkariak, gaurko agerraldian, Amurrion (Araba). AIARALDEKO GREBA BATZORDEA
Paulo Ostolaza.
2021eko maiatzaren 23a
14:22
Entzun

«Gaur, etorkizunera begira, eskualdeko fronteak bide berri bati ekin dio». Aiaraldeko Greba Batzordea osatzen duten eragileek hala adierazi dute gaur Amurrion egindako ekitaldian. Argi utzi dute eskualdearen etorkizuna «kezkagarria» dela, besteak beste, enpresen itxierengatik, kaleratzeengatik, lan baldintzen prekarizazioagatik eta erakundeek «eskualdearen aldeko apustu sendorik egiten ez dutelako»: «Etorkizunik gabe geratzen ari gara».

Hori salatzeko, mobilizazioak iragarri dituzte datorren ekainaren 2rako. Lau orduko lanuzteak egingo dituzte (10:00etatik 14:00etara), baita manifestazio bana ere Laudion eta Amurrion. Laudiokoa 11:00etan izango da, eta Amurriokoa 19:00etan.

Agerraldian azaldu dute egoerari «eskualde gisa» erantzuteko asmoa dutela. Izan ere, hainbat arlotako eragileek osatutako sare zabal bat osatu dute Aiaraldean: tartean daude enpresetako langile batzordeak, sindikatuak, gazte mugimendua, mugimendu feminista, pentsiodunak eta abar.

Horregatik deitu dute ekainaren 2ko greba sektore guztietan. «Indar erakustaldi bat egitea» da asmoa, eta eskualdeko eragile eta pertsona guztiei mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete. «Aiaraldea larrialdi egoeran dago. Babes dezagun gure etorkizuna» esanez amaitu dute agerraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.