Sindikatuak

Ainhoa Etxaide: "Langile klasea ez da sekula gaur bezain zatituta egon"

LAB prest dago negoziazio aro berri bat hasteko, "ez delako garaia gotorlekuan geratzeko". Sindikatuak 40 urte bete dituen honetan, "korporatibismo eta inertzien gainetik, langile klase guztientzako" aritzeko konpromisoa hartu du.

Ainhoa Etxaide, adierazpena irakurtzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2015eko apirilaren 24a
10:50
Entzun

Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak Langile Abertzaleen Batasunak azken 40 urteotan izandako ibilbidearen balioa nabarmendu du Donostian. Sindikatuaren aurpegi historiko anitzek osatu duten irudia atzean zuela, Etxaidek esan du "negoziaziorako eta konfrontaziorako agertoki berri bat" eraikitzeko prest dagoela, "ez delako gotorlekuan geratzeko garaia".

Orain baino lehen LABek krisiaren inguruan emandako azalpenak berretsi ditu, "ziklo ekonomiko berria iruzur sozial izugarri" baten gainean eraiki dela, eta "alarma gorriak" piztu direla, "erreformaz erreforma" langileek galdutako eskubideak direla eta. "Krisia erabili dute eredu neoliberala goitik behera inposatzeko". Finean, Etxaidek uste du "galtzaileen eta irabazleen ekonomia" ezarri dutela azken urteotan.

LABeko idazkari nagusiak mezu argiak bidali dizkio Eusko Alderdi Jeltzaleari ereduaren azalpenak bidelagun. "Iruzur handiena" Madrilek betidanik baztertu duen estatusaren eztabaidaren lapurretarekin loturik dagoela esan du. "Hemengo elite politiko eta ekonomikoek gehien interesatzen zaien eredua inposatu digute 78tik gaur arte. Marko juridiko politikoaz hitz egiteko ez dela momentu egokia esan digute behin eta berriro; hori langileei egindako iruzurra da, eta EAJri begira salatzen dugu gaur".

LABen geroa

Gaur egungo ataka zein den azaldu ondoren, LABek hartuko duen bidea marraztu du Etxaidek. "Urrats berriak behar ditugu gure eredu sindikala birpentsatzeko". Sindikatu abertzalea tresna bat dela uste du Etxaidek, "langileen tresna bat", eta horregatik langileek zer behar duten LABek zer behar duenaren gainetik jarriko dutela iragarri du.

Beste sindikatuei begira igorritako mezurik ere izan du Etxaidek, batez ere ELAri begira, itxura batean: "Tresna bat gara bai, baina oker dabil gutaz baliatu nahi duena, instrumentalizatu nahi gaituena, eta alferrik dabil bigarren mailako sindikatu bat garela pentsatuz, LABen rola gehiengo sindikalak eman edo kentzera mugatu nahi duena".

Aurrerantzean, besteak beste, "klase aliantzak eta klase arteko akordioak" bilatuz ariko dira. Aliantza politiko, sozial eta sindikal handi bat nahi du LABek, eta horretarako prest dago negoziziorako eszenatoki berriak eraikitzeko, "erakunde eta enpresariekin, eta ezinbesteko oinarri batekin: krisi sozialari erantzuteko politikak aldatzea".

Maiatzaren Lehena

Euskal langileen aurrean LABek hartzen dituen konpromisoen artean borroka nagusiak zerrendatu ditu Etxaidek "Maiatzaren Lehenaren atarian": 35 orduak, 1.200 euroko gutxieneko soldata, prestazio duinak, zerbitzu publiko unibertsalak eta etxebizitza duina. "Euskal Herri burujabearen eraikuntzan aktore nagusi" izateko lan egingo du, halaber, LABek.

Izan ere, sindikalgintza "gaur eta oraindik beharrezkoa" dela dio idazkari nagusiak. "Egoera berri bat dugu aurrean: langile klasea ez da sekula gaur bezain zatitua egon. Inertzia eta korporatibismoaen gainetik, langile klase guztientzako sindikatua izateko konpromisoa gure egiten dugu". LAB erantzun kolektiboak ematearen aldekoa da. "Baina mobilizazioa ez da nahikoa, estrategi berriak behar ditugu. Ez da momentua gotorlekuan geratzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.