AERONAUTIKA

Airbus, Boeingen gainetik

1967an Sud Aviation eta Rolls Royce kinka larritik ateratzeko asmoz sortu zen kontsorzio europarra, irailaren 11 ondorengo lainoak iragan ostean, orain arte merkatuaren errege izan den Boeingen gainetik ari da hegan

Jon Benito.
DONOSTIA
2004ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Txikiak handiari aurre hartu dio 2003. urtean. Lehen aldiz, Amerikako Estatu Batuetako Boeing aeronautika enpresari lidergoa kendu dio Airbus kontsorzio europarrak.

1967an, Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko gobernuek programa aeronautiko europar bat abiatzea erabaki zuten. Programaren asmoa ez zen Amerikako Estatu Batuetako enpresek abiazio komertzialean zuten monopolioa haustea, kinka larrian zeuden Sud Aviation eta Rolls Royce enpresak bultzatzea baizik. Air Francentzat egin zuten lehen eskari zorroan sei hegazkin besterik ez zituzten egin, eta1974an, urtean lau hegazkin bakarrik eginez jarraitzen zuten. Ekimenaren bideragarritasunari buruzko lehen zalantzak piztu ziren orduan. Airbusek garai hartan ez zuen gaitasunik Boeing taldeari itzal egiteko, hegazkin «kopuru mespretxagarria» fabrikatzen baitzuen, AEBetako enpresaren arabera.

1976an hasi zen sendotzen

1976an hasi ziren aldatzen gauzak Airbusentzat, Western Airlines Kaliforniako enpresak enkantean hamar hegazkin egiteko eskaintza abiatu zuenean. Airbusek negoziaketetan azkeneraino iristea lortu zuen. Ordutik aurrera, Boeingentzat, «handituz zihoan kezka bat zen» Europako enpresa taldea.

Hurrengo urtean, Eastern Airlinesek, AEBetako hegaldi nazionaletako garraio enpresa nagusietako batek, Airbusen 23 hegazkin erosi zituen. Egoera aldatzen hasi zelako seinale zen erosketa hori, Boeingen merkatu nagusian lortu baitzuen hegazkinok saltzea. 1979. urtearen amaieran, 32 erosleri 256 hegazkin saldu zizkion Airbusek. Lehiakideei aurre egiteko, produktuak konpetentziak baino zerbitzu gehiagorekin eskainiz erantzuten zien Airbusek erabiltzaileen eskariei. Enpresaren mozkinak aireratu egin ziren eta ez dute lur hartu ordutik.Airbus enpresa taldeak Europako lau hegazkin fabrikatzaile nagusiak biltzen ditu bere baitan: Frantziako Aerospatiale, Alemaniako Daimler Benz AerospaceAirbus (hauetako bakoitzak %37,9ko parte-hartzea du), Erresuma Batuko British Aerospace (%20ko partaidetza du) eta Espainiako CASA (%4,2).Airbuseko kideak, akziodunak izateaz gain, industria bazkideak dira, eta hegazkinen produkzioaz eta diseinuaz arduratzen dira, eta kontsorzioa, berriz, koordinazioaz eta kudeaketaz arduratzen da. Nazioartekotasunhorren adibide da hegazkinaren fabrikazio lana: hegoak Erresuma Batuan egiten dituzte, hegazkin gorputzaren zati batzuk Hamburgon (Alemania), kabina Tolosan (Okzitania) eta atzealdea Espainian. Ez alferrik, Roger Beteillek, 90eko hamarkadako kontsorzioko lehen arduradunetako batek,erabiltzen duten produkzio modua dela-eta Airbusenak «hegazkin politikoak» direla adierazi zuen.

2003a, Airbusen urtea

Lehen aldiz gainditu zuen iaz Europako kontsorzioak Boeing. Ez bakarrik hegazkin gehiago ekoitzi zituelako; horretaz gain,datozen urteetarako eskari gehiago jaso ditu. Katalogoko prezio eta balioari erreparatuta, eskari guzti horiei esker, merkatuaren %67 bere esku izango du.

Airbusek aurreikusten zuen 300 hegazkin amaitzea,baina zifra hori gainditu du 2003. urtean, eta 305 hegazkin eman ditu. 2001eko irailaren 11z gero, aeronautika industria krisian dago eta iragan urtean aire-garraioak zailtasunak eta zalantzak izan zituen arren, Airbusek 2002ko kopuruetan eutsi dio gutxi gorabehera. Kopuru horiei esker, merkatuaren %52 bereganatu zuen eta, orotara, 19.300 milioi euro fakturatu zituen. Baina hor ez da amaitu guztia, iaz Airbusek 24 erosleren 284 eskari berri jaso zituen, nahiz eta ezeztapenen ondoren, kopuru hori 254an geratu zen azkenean. Eskariok 100 eserleku baino gehiago dituzten hegazkinen merkatuaren %54 ematen dio Airbusi. Katalogo hori 32.800 milioi dolarretan baloratua dago. Kezkaz hartu dute, hala ere, dolarraren balio galerak sektorean izan ditzakeen eragina. Enpresak emaitza onak aurreikusten ditu datozen bi urteetarako ere. Hurrengo urteetarako dituzten enkarguei erreparatuta, hor ere Boeingen eta Airbusen arteko aldea nabarmentzen ari da: Airbusek 293 eskari ditu; Boeingek, aldiz, 234 ditu. Airbusek kostu apaleko konpainien konfiantza irabazi izana da lidergoa lortzeko arrazoi nagusia. Horri, hala ere, Boeing enpresa amerikarrak duen barne krisia gehitu behar zaio.

-

GAMESA



 

A380 Airbusenazken erronkan parte hartuko du





Airbusen erronka komertzial berria A380 modeloa da. Hegazkin erraldoia da A380: hegoak 79,8 metro dira luze, hegazkina bera 73,6 metro, 24,1 metro altu. Bi pisu ditu, 555 pertsona garraiatzeko ahalmena du bere bertsio estandarrean eta, aurreikuspenen arabera,lehen hegazkinak 2005. urtearen lehen hiruhilekoan prest egongo dira. 2003ko abendurako hegazkin modelo honen 129 eskari jasoak zituzten. Hala ere, hegazkin erraldoi horri aurre egiteko, konpetentziak Boeing 7E7 hegazkina diseinatu du.

Gamesa Aeronautica Arabako enpresak akordio bat sinatu zuen 2002ko urtarrilean. Akordio horren bitartez, A380 hegazkinaren fuselajeko pieza handiak egingo ditu Arabako enpresak. Akordio honek 540 milioi euroko fakturazioa ekarriko dio Gamesari. «Karbonozko piezak eta pieza konposatuak egiten puntakoa» delako lortu du A380 hegazkina egiteko kontratua, Gustav HumbertAirbuseko goi karguaren arabera.

-

Datua





48.500

Guztira, 48.500 langilek egiten dute lan Airbusen. Hona beste datu nagusiak:

Sortze data: 1970eko abendua.

Egoitza nagusia: Tolosan (Okzitania).

Fakturazioa: 19.400 milioi euro.

Akziodunak: EADS (%80) eta BAE Systems (%20).

Produkzioa: 12 hegazkin mota ekoizten ditu. Nagusia, A380 da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.