Avignongo Antzerki Jaialdia bertan behera gelditu dela adierazi du orain dela minutu gutxi jaialdi ospetsu honen zuzendari Bernard Faivre d'Arcierrek iragarri duenez. Jaialdiaren antolakuntzan aritzen diren intermitenteak langabeziaren aseguruaren erreformaren aurka egiten ari diren greba dela medio. "Hiru egun greban aritu eta gero, hemen ez dago normaltasunez aritzerik", adierazi du.
Faivre d'Arcier zuzendariak hiru baldintza jarri zituen atzo jaialdiak aurrera jarrai dezan: Ikusentzuleekiko harremana ona izatea, ikuskizunak artistek nahi bezala aurkeztu ahal izatea eta indarkeriarik ez egotea. "Hiru baldintza hauek betetzen ez direnez, hobe da jaialdia bertan behera uztea", nabarmendu du.
Begiraleak diotenez, "mirari" bat da izango zen jaialdiarekin jarraitzea. Avignoneko Jaialdia munduko garrantzitsuenetakoa da, eta 1947. urtean sortu zenetik ez ditu sekula ateak itxi. Jaialdia bertan behera utzita, 2,5 milioi euroko galera izango dute antolatzaileek.
Aix-en-Provenceko jaialdia ere bertan behera
Aix-en-Provenceko jaialdiaren arduradunek ere aurtengo ekitaldia bertan behera uztea erabaki dute, artistentzat eta ikusentzuleentzat ezinezkoa delako prestaturiko programarekin jarraitzea. "Jaialdian lan egiten duten intermitenteek sistematikoki boikota egin diote ikuskizunei, baina ateak irekitzea lortu dugun hiru egunotan", diote antolatzaileek.
Behin behineko kontratuekin lan egiten duten langile gehienek lanean jarraitzea erabaki bazuten ere, grebarekin jarraitzeko asmoa duen talde batek 'La Traviata' ikuskizuna boikoteatu zuten petardoak eta zarata ateratzeko beste tresna batzuk erabiliz. Egoera horren aurrean, jaialdiaren zuzendari Stephane Lissnerrek gaur goizean erabaki du jaialdia bertan behera uztea, "ikusentzuleek eta artistek errespetua merezi dutelako".
Patronala eta langileak
Frantziako patronalak ekainaren 27an sinatu zuen langabeziaren erreforma hiru sindikatu txikirekin, baina sindikatu nagusienak ez daude ados planteamenduarekin. Ikuskuzinean lan egiten duten intermitenteak 507 ordu sartu behar dituzte langabezia kobratu ahal izateko, baina hamar hilabeteetan egin behar dute lan eta zortzi hilabete kobratu. Orain arteko legearekin hamabi hilabeteko langabezia saria kobratzen zuten.
Langabeziaren erreforma Frantzian
Aix-en-Provenceko Arte Jaialdia bezala, Avignongoa ere bertan behera gelditu da, intermitenteen greba dela eta
Avignongo Antzerki Jaialdiaren aurtengo edizioa ere bertan behera gelditu da, Aix-en-Provenceko Arte Lirikoaren Jaialdi Internazionaleko zuzendaritzak ikuskizunen honen 55. edizioa bertan behera uztea erabaki duen arrazoi berarengatik. Jaialdien antolakuntzan aritzen diren intermitenteak greban daudelako ez dira ospatuko aurten bi jaialdi hauek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu