Lan harremanak

Akordioa lortu dute Euskalduna Jauregian

Lau urterako ituna erdietsi dute langileek eta zuzendaritzak.

Euskalduna Jauregi, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2018ko urtarrilaren 11
13:01
Entzun

Eulen enpresako beharginek egiten dituzte Bilboko Euskalduna jauregiko hainbat zerbitzuren lanak. 45 langile dira, eta beren lan baldintzak hobetzeko greban izan dira. Harik eta zuzendaritzarekin akordioa lortu duten arte. "Baldintzak duinduko dituen akordioa" lortu dutela jakinarazi du ELA sindikatuak, eta "oso positibotzat" jo du; "izan ere, bi aste iraun duen greba mugagabe baten ondorio da akordioa".

Guztira, 45 langilek dihardute Eulen enpresak kontratatuta Euskalduna jauregian. Zuzenean kontratatutako langileen behar bera egin arren euren lan baldintzak "askoz ere kaxkarragoak" zirela dio ELAk; "horregatik ez zuten grebara deitzea beste aukerarik izan". Mobilizazio horren ondotik iritsi da akordioa. Lau urte iraungo du (2018-2021), eta lan erreformaren aurkako hainbat klausula izango ditu: inaplikazioa eta ultraaktibitate mugagabea. Soldatei dagokienez, kategoria baxuenak igoko dira, eta gainontzeko kategorietan igoera "handiak" lortu dira. Horrek %20ko eta %45eko soldata igoera ekarriko duela jakinarazi du ELAk, kategoriaren arabera.

80 orduko lanaldiaren murrizketa ere jasotzen du akordioak, baita bost asteburutik bitan jai egitea ere; lehen, ez zuten bakar bat ere libratzen. Horrez gain, behin-behineko langileak aldizkako langile finko bihurtzea adostu dute (langileen %65). Antzinatasuna onartzen da, gainera. Gehienek hamabost urte daramatzate Eulen Euskaldunan, eta hirurtekoa %0,50 ordainduko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.