Atzo iraungi ziren iazko uztailaren 7tik berritu gabe zeuden lan hitzarmen guztiak, enpresari eta sindikatuek ez baitzuten horiek berritzeko akordiorik lortu. Andoni Ortuzar EAJko lehendakariak patronal eta sindikatuei dei egin die, "ahalik eta azkarren, akordioak ehundu ditzaten". Akordioak lortzeko modu posible bat enpresaz enpresa egitea dela iradoki du, langile zein enpresarien baldintzak "ahalik eta ondoen" mantendu daitezen, "enpresen lehiakortasuna ere kontuan hartuz": "Lehiakortasuna hainbat eratara lor daiteke, horregatik, patronalak eta sindikatuak akordioak ehuntzeko gai izatea gustatuko litzaiguke, legeria-aldaketak ez dezan ondorio negatiborik izan Euskadin".
Ortuzarrek adierazi duenez, "euskal akordio" bat egotea gustatuko litzaioke, EAJk lan harremanen arlo autonomoan sinisten duelako. Haren ustez, "aukera ona" izan zitekeen lan harremanen esparru "ezberdin" bat finkatzeko.
"Ziurgabetasun handiko" egoera da, Aburtoren ustez
Hitz egiten jarraitzeko eskatu die Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak sindikatuei eta patronalari. Kezkatuta agertu da Aburto, iritzita egoera "ezezagun" eta "ziurgabetasun handikoan" geratzen direla langileak.
"30 urteko negoziazio kolektiboari amaiera eman diogu, kolpe batez", gaineratu du. "Albiste txarra" da, haren ustez, orain arte sindikatuak eta Confebask akordio batera ailegatu ez izana, eta uste du lan gatazkak "ugaritu" egingo direla.
Gainera, "desberdintasunak ugaritzeko eta euskal gizartearen egungo kohesio maila galtzeko arriskuaz" ohartarazi du Aburtok.
Cebek: langile eta enpresarien elkarlanaz
Iñaki Garcinuño Cebekeko lehendakariak, berriz, enpresek egoera ekonomikora moldatzeko "barne malgutasuna" behar dutela azpimarratu du: "Garai berrietara egokitu, eta enpresari zein langileek elkarlanean aritu behar dute". Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Garcinuñok esan du lan merkatua "oso zurruna" dela, eta "eskaeren jaitsieren aurrean", enpresariek "kanpo-malgutasunari ez eragiteko", hau da, kaleratzerik ez egiteko, "tresnak" behar dituela.
Lan hitzarmenen auzian Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren "borondatea" eskertu badu ere, adierazi du uztailaren 7rako bi egun falta zirela, langile eta enpresen arteko posizioak oso polarizatuak zirela, eta "oso konplikatua" zela hitzarmenen iraungitze data atzeratzea. Garcinuñoren ustez, akordioak lortzea "ez da denbora kontua, ez genuen denbora gehiago behar, sindikatuen aldetik borondatea da behar dena, egoera berria onar dezaten". Garcinuñoren ustez, enpresariek, "lana sortzen dutenek", duten balioaz ez jabetzeak "ez dio mesederik egiten herrialdearen egitura industrialari". Enpresariak onurak baditu, enpresak izango dituela, eta ondorioz, langileek azpimarratu du.
Ez du uste enpresen gehiengoan soldatari edo lanaldiari eragingo dioten neurriak beharrezkoak izango direnik: "Gure enpresek behar dituzten neurri garrantzitsuenak malgutasunari lotuta daude, ez hainbeste soldatari".
"Ahalik eta gatazka handiena"
Uztailaren 7a pasatu den arren, lan hitzarmenek indarrean jarraitzen dutela nabarmendu du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Hala, lan eskubideei eraso egiten bazaie, "ahalik eta gatazka handiena" sortzen saiatuko direla iragarri du. LABek protokolo bat proposatuko die gainerako sindikatuei halako egoeretan nola erantzun adosteko.
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailarekin ere bilera eskatu du sindikatuak. Joan den astean, Iñigo Urkullu lehendakariak ultraaktibitatea mugarik gabe luzatzeko eskatu zien patronalei, lanbidearteko akordio bat ere proposatu zien. Hori defendatzeko zer egingo duen galdetuko die LABek Jaurlaritzako ordezkariei.
Horrez gain, negoziazioek jarraitu egiten dutela azaldu du Etxaidek, "baina baldintarik okerrenetan". Hala eta guztiz ere, ez duela atzera egingo eta lan hitzarmen "txarrik" ez duela sinatuko dio LABek.