Greziaren krisia

Akordiorik ez Eurotaldearen presazko bileran

Greziak bi urteko erreskate programa berri bat sinatzea eskaini du eta programa berria ESM funtseko diruarekin finantzatuko litzateke, NDFren parte hartzerik gabe, eta zorra berregituratzeko prozesu bat martxan jarriko luke. Eurotaldeak beste luzapen bat onartzeari uko egin ondoren, bigarren erreskatea gaur amaituko da. 

Igandeko erreferendumean ezetz bozkatzearen aldeko manifestazioa atzo, Atenas hiriburuan. FOTIS PLEGAS G. / EFE
Ivan Santamaria.
2015eko ekainaren 30a
07:25
Entzun

Beste egun garrantzitsu bat du gaur aurrez aurre Greziak, iganderako deituta dagoen galdeketa historikoaren aurretik. Troikako erakundeekin —Europako Batzordea, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Banku Zentrala— eta eurotaldearekin azken orduko akordioa lortu ezean, Greziak jaso zuen bigarren erreskate programa gaur bertan amaituko da. Hortik aparte, NDFri 1.550 milioi euro bueltatzeko epemuga du gaur Alexis Tsipras lehen ministroaren gobernuak. Giannis Varufakis Greziako Finantza ministroak iragarri du ez dutela asmorik ordainketa hori egiteko.

Reuters agentziaren arabera, Greziako Gobernuak nahiago du bigarren erreskatea gaur amaitzea, baina jarraian beste programa bat sinatzeko aukera eskaini du. Programa berri hori —hirugarrena krisia hasi zenetik— ESM Europako erreskate funtsaren (ESM) diruarekin finantzatuko litzateke, eta bi urteko iraupena izango luke. Aldi berean, Greziak pilatua duen zorpetzea berregituratzeko prozesu bat martxan jarriko litzateke. NDFk ez luke parte hartuko programa berri horretan.

Erreskatearen diru guztia Greziak hartuta duen zorpetzea bueltatzeko erabiliko litzateke. 2015, 2016 eta 2017 urteen artean 29.000 milioi itzuli behar ditu Greziak. Diru horretatik EBZrentzat dira 10.300 milioi, eta beste 9.000 baino gehiago NDFri zor dizkio.

Eurotaldea arratsaldeko zazpietan bildu da, telekonferentzia bidez. Jeroem Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak adierazi du. Bilera horretan, ordea, ez dute akordiorik lortu, eta baztertu egin dute Greziari hirugarren erreskatea emateko eskaintza. Eurotaldeak ohartarazi du gauerdian amaitzekoa den epea ez duela luzatuko ezta zorra arinduko ere. Zenbait iturriren arabera, ordea, Greziak eskaintzaren bertsio berritu bat bidali du arratsaldean, eta asteazkenean beste bilera bat egingo du Eurotaldeak, hori aztertzeko.

ESM 2012. urteko irailean sartu zen indarrean, ordura arte erreskateak egiteko erabiltzen ziren behin-behineko funtsak ordezkatu eta tresna iraunkorra izateko helburuarekin. Laguntza jasotzeko, Europako Batzordeari eskatu behar zaio, eta Bruselak, EBZrekin elkarlanean, finantza egonkortasunerako arriskua dagoen neurtuko du. NDFren lankidetza ere posible da, baina ez nahitaezkoa. Hori bai, ESMren funtsak nahi dituen herrialdeak MoU akordio bat sinatzera behartuta dago, eta horretan dirua jasotzeko baldintzak finkatuko dira. Hau da, laguntza nahi duen herrialdeak trukean egingo dituen erreformak. 500.000 milioi euro arteko finantzazio ahalmena du ESMk. Orain arte Espainiaren eta Zipreren erreskateei egin die aurre tresna iraunkor honek.

Astelehenean, milaka izan ziren Atenasen troikaren proposamenaren aurkako manifestazioan parte hartu zuten herritarrak. Asteartean, hartzekodunen proposamenaren aldekoak izan dira kalera irten direnak, eta jendetsua izan da manifestazio hori ere.

Junckerren eskaintza

Azken orduetan akordio bat lortzeko saioak egin direla baieztatu du Europako Batzordeak. Hain zuzen ere, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari deitu zion Tsiprasek atzo gauean. EBko eledunen arabera, troikako erakundeek mahai-gainean jarri duten azken eskaintza hartzeko aukera eskaini zion Junckerrek. Hots, hotelen BEZ zerga %13an segitzea, zorpetzea arintzeko neurriak martxan jartzea, eta 35.000 milioi euroko inbertsio plana. Tsiprasen gobernuak gaur gauerdira arteko epea luke erantzuteko, eta, horrekin batera, baiezkoaren aldeko kanpaina egin beharko luke.

Erreskatea lau hilabetez luzatzeko akordioa lortu zuten Greziak eta kreditu emaileek joan den otsailean. Harrezkero akordio berri bat negoziatzen aritu dira, elkarrizketak joan den ostiralea amaitu ziren arte. Tsiprasen gobernuak egungo akordioa hilabete batez luzatzea eskatu zuen, galdeketa berme guztiekin egin ahal izateko, baina Eurotaldeak aukera ukatu zion, pasa den larunbatean egindako batzar polemikoan.

Erreskatearen luzapenean hitzartutako laguntzatik 7.200 milioi kobratzea falta zaizkio Greziari. Kreditu emaileek ez diote diru hori eman nahi, programako baldintzak ez direla bete iritzita. Diru hori jaso gabe gobernuak nekez egingo die aurre egutegian dituen ordainketa ezberdinei.

Ofizialki laguntza programa amaituta, eremu ezezagun batea sartuko da gaurtik aurrera Grezia. Europako erakundeetatik bidali den mezua da gobernuak berriro ere laguntza eskatzeko aukera zabalik duela, baina, kasu horretan, erreskate programa berri baten bidez izango litzateke. Diruaren truke bete beharreko baldintzak joan den igandean kreditu emaileek argitaratutako akordio proposamenaren antzekoak lirateke, hasiera batean.

NDFri ordainketa airean

Erreskatea amaitzearekin batera, maileguan hartutako diruaren parte bat itzuli behar dio gaur Greziako Gobernuak NDFri. Berez, ekainaren hasieran 300 milioi itzuli behar zituen gobernuak, baina, horren ordez, hilabetean egin beharreko ordainketa guztiak bateratzea eskatu zion funtsari, gaur egiteko. Guztira, 1.550 milioi euro dira.

Hasiera batean, hartutako zorra ez ordaintzeak herrialde batek porrot ekonomikoa egin duela esan nahi du. Haatik, ez dago hain garbi NDFri ez ordaintzeak halako kalifikazio bat dakarren, edo nolako ondorioak izan ditzakeen Greziak funtsetik kanpoko erakunde eta inbertitzaileekin duen zorpetzean.

Funtsari ordainketa ez egiteak ondorioak ditu. Erakundeko baliabideetarako sarbidea ukatuko zaio, eta, egoera konpontzen ez bada, boto eskubideak galtzea eta NDFtik kanporatzea gerta liteke. Edonola ere, prozesu luzea litzateke, 15 eta 24 hilabete bitartekoa.

Egun luzea izango da gaurkoa. Ordainketa egiteko epemuga NDFren bulegoak ixten direnean amaituko da, gaurko gauerdia Euskal Herrian. NDFk esan du honezkero ez diola Greziari beste luzapen bat onartuko. Hots, zordunak ez dituela epeak bete jakinaraziko zaio funtseko kontseiluari gertatu bezain pronto, ordainketan huts egiten duten herrialdeentzat ezarrita dagoen prozedura martxan jartzeko. Ekonomia aurreratu batek funtsari maileguan emandakoa itzuliko ez dion lehen aldia litzateke, gertatzekotan.

NDFri ez ordaintzeak eta erreskate programatik ateratzeak EBZn nolako erreakzioa eragingo duen ikusteke dago. Greziako bankuei ematen dien premiazko likidezia mugatu du honezkero banku zentralak, herrialdea kapital kontrolak ezartzera behartu duen erabakia. Bankuak itxita daude eta 60 euroko muga jarri zaio dirua ateratzeari eguneko eta txartel bakoitzeko.

Uztailaren 20an EBZrekin berarekin beste hitzordu erabakigarri bat du Greziak: 3.500 milioi itzuli behar dizkio. Ordainketa hori ez egiteak ondorio larriagoak izan ditzake, banku zentralak edozein iturri itxiko lukeelako. Bihar bilduko da berriro EBZko kontseilua, egoera aztertzeko.

Benoit Coeurek EBZko kontseiluko kideak esan du Grezia eurotik ateratzea ezin dela baztertu, Les echos egunkarian egindako elkarrizketa batean. "Grezia eurogunetik ateratzea objektu teorikoa zen, baina, zoritxarrez, orain ezin da alde batera utzi", adierazi du Coeurek.

Tsiprasen mezua

Bien bitartean, igandeko galdeketaren inguruko eztabaida berotzen ari da. Atzo, troikako erakundeak kanpainan sartu ziren, eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak baiezkoaren aldeko botoa eskatu zien greziarrei. Alemaniako, Frantziako eta Italiako gobernuburuek ohartarazi dute galdeketan jokoan dagoena euroaren parte izatea edo ez izango dela.

Gauean Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak erantzun zien, telebista publikoan egindako elkarrizketa batean. Ezezkoaren aldeko botoa defendatu zuen Tsiprasek. Ezezkoa nagusituta, troikarekin eta Europako beste herrialdeekin negoziatzeko "indar handiagoa" izango dutela ziurtatu zuen Tsiprasek.

Bozketa horretan moneta bakarraren kide izaten segitzea ez dagoela jokoan uste du lehen ministroak. Horren haritik, ezin dutela Grezia eurotik egotzi aldarrikatu du: "Kostea itzela litzateke". Badaezpada, eurogunetik kanporatzeko balizko saioaren aurka auzitegietara jotzeko aukerak prestatzen ariko litzateke Greziako Gobernua.

Baiezkoa garaile izateak lituzkeen ondorioei buruz ere aritu zen Tsipras. Aukera hori bada errespetatuko dutela agindu zuen, baina horretan sinesten ez duenez dimisioa emango lukeela iradoki zuen. "Errespetatzen dugu, baina ez genuke aurrera eramango", haren hitzetan.

Galdeketako kanpaina kalera atera du gobernua sostengatzen duen alderdi nagusiak, Syrizak. Atzo iluntzean milaka lagun bildu zituen Atenasko Syntagma plazan, ezezko botoaren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.