Amaitu da fase bat Corrugadoseko langileen eta Gallardo Taldearen arteko gatazkan, eta beste bat hasiko da orain. Negoziazio epean nahi zutena lortu ez dutenez, epaietegietara joko dute langileek. Gaurko bileran —azkenengoa zen—Azpeitiko lantegia itxi eta Lasaokoan 38 lagun kaleratzeko asmoari eutsi dio enpresak. Langileek ez dute kalte-ordainei buruz hitz egin nahi izan, eta lanpostuak mantentzea aldarrikatu dute berriro ere. Berrikuntza gisa, borondatez enpresa uzteko aukera emango duela esan du Gallardo Taldeak.
Azken egunotan, Corrugados Azpeitiako zerbitzaria Zamudiotik Extremadurara eramatea leporatu diote Gallardo Taldeari langileek. Horri buruz galdetuta, zerbitzaria berea dela eta nahi duena egingo duela erantzun du zuzendaritzak. Aldaketa handirik ezean, beraz, Corrugados Azpeitia itxi eta 300 langile kaleratuko ditu enpresak, eta 38 langile botako ditu Lasaon.