ekonomia

Akordiorik gabe amaitu dira Jaurlaritzako langileen baldintzen gaineko negoziazioak

Hurrengo ostegunean bilduko dira berriro Mahai Orokorrean sindikatuak eta administrazioa; sindikatuek urrun ikusten dute akordioa. Langileek protesta egin dute gobernuak Lakuan duen egoitzan.

2013ko otsailaren 21a
16:32
Entzun

LABek Jaurlaritzaren jarrera salatu du: "Akordiorako borondatea bai, baina neurri murriztatzaileek bere horretan dihardute". Sindikatuaren ustetan, administraziotik jasotako erantzunak ez dira "itxaropentsuak" izan.

Jaurlaritzak egindako proposamenen artean lanaldia 1600 ordutik gorakoa izatea da, LABek jakinarazi duenez. 35 orduko lanaldia 37,5 ordura luzatzea mahai gainean dago. Sindikatuak ez daude horren alde; ELAk joan den astean ohartarazi zuen lanaldia luzatzeak 9.000 lanpostu suntsituko dituela. ELAren iritziz, bileran agerian geratu da zertarako nahi duen Urkulluren gobernuak Mahai Orokorra: "murrizketa politikak aurrera ateratzen laguntzeko". 

Osteguneko bilera egin bitartean, mobilizazioekin jarraitzeko deia egin du ELAk; sindikatuko kideen ustetan, mobilizaziorik gabe ezinezko da "politika neoliberalak errotik aldatzea".

Horrez gain, LABek dio Jaurlaritza prest agertu dela kontziliazioari dagozkion baimenen alorrean aurrerapausoak emateko; beste baimen guztiei dagokienez, ordea, momentuan dauden neurriei eustearen aldekoa da. Gainera, ordezkapenak geldiarazten dituen dekretua moldatzeko "jarrera anbiguoa" adierazi duela azaldu du sindikatuak.

Akordioa 2009an

LABek asteon gogoratu du aurrekari hurbilena 2009an Patxi Lopezen gobernuak ELA, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako hitzarmena dela. LABen ustetan, baina, azken urteetan sektore publikoaren garapenean eta langileen lan baldintzetan "atzerapausoak" eman dira, eta horiek erabat aldatu dute negoziazioaren testuingurua.

"Bermeak izango dituen negoziaziorako eskubidea errespetatu dadila" eskatu du sindikatuak, baita beste hainbat baldintza ere: lanaldiaren luzapenik ez ematea eta jai egunak errespetatzea, ordezkapenak betetzea eta errelebo kontratuei eustea; Lan Eskaintza Publikoak adostea, eta erosteko ahalmenean egondako galera berreskuratzeko planak adostea —%20 inguruko galera azken bi urteetan, LABen arabera— .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.