Lan gatazka

Akordiorik lortu ez arren, lanera itzultzea erabaki dute Air Franceko pilotuek

Hamalau eguneko greba egin dute; hegaldiak bihartik aurrera "progresiboki" joango dira normaltasunera itzultzen.

Miren Garate.
2014ko irailaren 29a
11:04
Entzun

Pilotuen artean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, SNPLk, atzo arratsaldean erabaki zuen greba bertan behera uztea. Air France-KLMren historiako luzeena izan da, hamalau egun iraun baitu. Eta langileen eta zuzendaritzaren arteko akordiorik gabe amaitu da.

"Dagokigun erantzukizuna gure gain hartzen dugu", esan zuen SNPLk, eta gaineratu zuzendaritzak proposatutako testuak ez zituela "konbentzitzen". Greba egiteko arrazoi nagusia Air Francek garatu asmo zuen Transavia Europe konpainia izan zen.

Enpresaren asmoa zen hainbat menpeko enpresa sortzea Europako zenbait lekutan, eta langileak herrialde horietako araudiaren arabera kontratatzea, zenbait kasutan, lan baldintza okerragoetan, alegia. Negoziazioetan zuzendaritzak onartu zuen Transavia Europeren proiektua bertan behera uztea.

Ez du amore eman, ordea, langileen beste eskaera baten aurrean. Transavia France garatzen jarraituko du. Pilotuek eskatzen zuten langile guztientzat kontratu bakar batek egon behar duela, hau da, Air Franceko eta Transavia Franceko pilotuek lan baldintza berberak izan behar dituztela. Zuzendaritzak dio Transavia Europek low cost ereduan lehiatu behar duela eta baldintza ekonomikoek eredu horretara egokitu behar dutela.

SNPLk greba bertan behera utzi arren, protestarekin jarraitzen du SPAF sindikatuak —pilotuen %12 ordezkatzen ditu–.

Greba atzo bukatu arren, gaurko eta biharko hegaldien erdiak inguru bertan behera geratuta zeuden jada, eta ez ditu programatuko Air Francek. Iragarri du bihartik aurrera "progresiboki" joango dela egoera bere onera itzultzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.