Alargunei euren pentsioak gutxieneko soldatarekin berdintzeko laguntza zuzenak eta 35 orduko lanaldia aurreikusten zituzten legeak 2003ko otsailean onartu zituen Nafarroako Parlamentuak. Erabaki horri helegitea aurkeztu zion Jose Maria Aznarren gobernuak Auzitegi Konstituzionalean,«eskumen inbasioa» argudiatuta. Orain PSOEren gobernuak helegite biak kentzea onartu du.
Hortaz, aurrera egiteko aukera izanen dute alargunei eskaini beharreko laguntzek zein 35 lanorduko jarduna arautzen dituzten legeek. Atzo Espainiako Administrazioa eta Nafarroako Elkarlanerako Batzordeak eginiko bilkuraren ostean, Espainiako ordezkari Jose Luis Mendezek erabakia «elkarlanaren normalkuntzaren» harira aipatu zuen. «Konstituzionala soilik eskumen arazoak bideratzeko beharko luke, eztabaida politikoko aferak baztertuz», esan zuen.Nafarroako Justizia eta Barne kontseilariak, bestalde, akordioaren «garrantzi kualitatiboa» azpimarratu arren, zenbait afera «airean» daudela azaldu zuen.
Alargun zein lan orduen legeen helegiteak kendu ditu Madrilek
Espainiako Administrazioak eskumen lehia argudiatu zuen bere garaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu