Alcatel-Lucent multinazional frantziarrak isuna ordaintzea onartu du. Alcatel-Lucentek munduko hainbat herrialdetan kontratuak lortzeko funtzionarioak erosi zituela aitortu du. Isuna ordainduta bertan behera geratuko dira eroskeria kasuei buruzko ikerketak.
Isuna 137 milioi dolarrekoa da, 105 milioi euro inguru. Telekomunikazio kontratuak lortzeko eta kontratuei eusteko Costa Ricako, Hondurasko, Malaysiako eta Taiwango funtzionarioei dirua ematea leporatu diote. Baita Angolan, Bangladeshen, Boli Kostan, Ekuadorren, Kenyan, Malin, Nigerian, Nikaraguan eta Ugandan legeak urratuz jendea kontratatzea ere, kontratuak bereganatzeko. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Justizia Departamentuaren arabera, 2001eko abendutik 2006ko ekainera erosi zituen funtzionarioak, hau da, AEBetako Lucent Technologies bereganatu aurretik (Alcatel-Lucent izena du ordutik). Telefonia finkoko sareen munduko hornitzaile nagusia da.
AEBetako Justizia Departamentuak zehaztu du Alcatelek 14 milioi dolar ordaindu zizkiela lau herrialdeetako funtzionarioei, erdia inguru Costa Ricakoei, hiru kontratu lortzeko eta kontratuei eusteko. Kontratu horiek 303 milioi dolarreko balioa zuten.
Alcatel-Lucentek, alde batetik, 92 milioi dolar ordainduko dizkio AEBetako Justizia Departamentuari. Horrela ikerketa kriminala itxiko du. Bestetik, 45 milioi dolar emango dizkio SEC AEBetako finantza merkatuen kontrolerako erakundeari, auzi eske zibila bertan behera geratzeko. Multinazionalak onartu du eroskeria jardueren bidez 48,1 milioi dolarreko irabaziak lortu zituela. Kopuru txikiak dira, iaz 15.200 milioi euroren diru sarrerak izan zituen enpresa batentzat.
Neurriak bete behar
AEBetako Justizia Departamentuak atzo eman zuen akordioaren berri, Miamiko auzitegi federal batean. Alcatel-Lucenten hiru adarrek atzerriko jarduera ustelen kontrako legea urratu dutela onartu dute. Lege horren arabera, AEBetako burtsan kotizatzen duten enpresek ezin dituzte atzerriko funtzionario publikoak erosi. Akordioak dio Justizia Departamentuak hiru urtez auzibide guztiak atzeratuko dituela eta Alcatel-Lucenten kontrako akusazio guztiak bertan behera utziko dituela, baldin eta enpresak jarduera okerren kontrako neurriak betetzen baditu.
Ikerketak azaleratu du Alcateleko goi arduradunek enpresatik kanpoko aholkulariei eta bitartekariei dirua ordaintzea onartu zutela, garbi zegoen arren ez zutela lanik egin ordainketa horiek zuritzeko, eta diru hori atzerriko gobernuei opariak egiteko eta ordaintzeko zela.
Eroskeria salaketak Miguel Angel Rodriguez Costa Ricako presidente ohiarenganaino iritsi dira. 2001ean, Costa Ricako presidente zela, 800.000 dolar jasotzea leporatzen diote, Alcateli kontratu bat emateagatik. Rodriguezek apirilean deklaratu zuen auzi horrengatik.
Alcatelek 105 milioi euro ordainduko ditu, eroskeria salaketengatik
Kontratuen truke funtzionarioak erosi zituela onartu du, eta isuna ordainduko du akusazioak saihesteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu