Alderdiei hamar eskaera betetzeko konpromisoa eskatuko die EHNEk

Baserria biziberritu ahal izateko alderdi politikoek ere inplikatu behar dutela uste du sindikatuak

Miren Garate.
Donostia
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Hamar puntutan banatuta, nekazaritza biziberritzeko 71 eskaera zehatz dituen dekalogo bat prestatu du Gipuzkoako EHNEk. Alderdi politikoei aurkeztuko die datozen asteetan, eta konpromisoa eskatuko die, udalek, batzar nagusiek eta diputazioak neurri horiek aplikatzeko.

Iñaki Lazarobaster eta Bego Aristi Gipuzkoako EHNEko presidenteak eta presidenteordeak azaldu dutenez, «dekalogoa ez da asmo onen aldarrikapen huts bat, gauzatu ahal izateko tresna praktikoak eskainiko dizkiegulako alderdiei». Proposatutako hamar puntuen artean daude, besteak beste, garaian garaiko eta lekuan lekuko ekoizpena sustatzea, baserrietan ekoizpen dibertsifikatuak bultzatzea, transgenikorik ez onartzea, baserritarrentzako bizi-baldintza duinen alde egitea, emakume nekazarien izaera aktiboa aldarrikatzea eta lurraren artifizializazioa geraraztea.

Sindikatuaren iritziz, ezinbestekoa da baserria biziberritzea, «Europak ezarritako nekazaritza politikak porrot egin baitu». Eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du alderdien inplikazioa. Eredu berriak «lurrari eta herriari lotutakoa» izan behar duela uste du EHNEk. Lazarobasterrek dio baserritarrek osasuna dutela eskaintzeko: «Alde batetik, elikagaien bidez ematen dugu osasuna; eta, bestetik, lurraren zatirik handiena kudeatzen dugunez, ingurumen arloko osasuna».

Hain zuzen, joan den igandean kongresua egin zuen Gipuzkoako EHNEk, eta Baserria osasun iturri izeneko txostena aurkeztu zuten. Aurrerantzean arlo horren inguruan lan egitea adostu zuten. Baserritarren eta gizartearen artean «etendako zubiak berreskuratzea» jarri zuten helburutzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.