Ezinbesteko aldi baterako enplegu erregulazioan (ABEE) eginiko denbora tartea langabeziarako kotizatutzat jo behar dela ebatzi du gizarte arloko 6 zenbakidun Bilboko epaitegiak. Haren egoera salatu zuen ostalaritzako langile bati arrazoia eman dio, LABen aholkupean epaitegietara jo zuena. Sindikatuak aurrekaritzat jo du ebazpena, Hego Euskal Herrian eta Espainian erregulazioen egon diren langile guztiei eragiten dielako, «estatuak hartutako erabaki kaltegarri bat indargabetuta». Salaketa Espainiako enplegu zerbitzu publikoaren aurkakoa zen, eta hark dagoeneko helegitea jarri dio neurriari.
Ostalariaren kasua aztertu, eta erregulazioan eginiko tartea kotizatutzat hartu behar den ala ez zehazteko jo zuen epaitegira LABek. Sindikatuak baiezkoa defendatu zuen, bai behintzat langabezia ordainsarirako kotizazioari dagokionez, eta epaileak arrazoia eman dio. Espainiako Gobernuak enpresei laguntzeko neurriak txertatu zituen enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan. LABen ustez, baina, «enplegatzaileak laguntzeko neurriek ezin dute izan langilearen aurkako eraginik», eta hor oinarritu du bere defentsa.
Pandemia hasi zenean, Espainiako Gobernuak aldi baterako erregulazioen legea egokitu zuen. COVID-19aren eraginagatik hartzen baziren, enpresek kotizazio txikiagoa ordaintzeko aukera zuten, betiere kaleratzerik egiten ez bazuten. Horrek kotizazio epe horren inguruko zalantza batzuk sortu zituen: «Esaterako, SEPEk bere kabuz erabaki zuen tarte horiek ez zirela kotizatutzat jo behar langabezia diru sarirako», azaldu du Garazi Mendoza LABeko abokatuak. Eta epaileak ebatzi du hori ezin dela hala izan.
SEPEren helegitea
SEPEk, dena den, helegitea jarri dio ebazpenari, eta Xabier Ugartemendia LABeko ekintza sindikaleko ordezkariak gogor kritikatu du erabaki hori: «Langileen interesak defendatu beharrean, enpresak defendatzen ari dira, beharrik gabe kaleratzeak egiten ari dira». Era berean, nabarmendu du ebazpen horrek langile prekarioenei egingo diela mesede, eta helegite gehiago jartzera animatu dituzte: «Baldintza horietan dauden langile gehienak emakumeak edo gazteak dira, ostalaritzan eta merkataritzan dihardutenak»